Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Basoa

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Otea
Izen zientifikoa: Ulex parviflorus

Otearen bitxikeriak

Oteak dirua balio zuen. Egun ez dira asko izango baserrirako otea mozten jarraitzen dutenak. Baina hori egiten zela gogoan dutenak oraindik badira, eta ez gutxi. Batzuk, aitona-amonen edo gurasoen garaian ikusi zutelako, eta besteak, gaztetan langintza horretan aritu beharra izan zutelako.

Otea nonahi ikus dezakegu egun; gure basoak ordezkatzen dituzten sastrakadietan, eta sarri bide eraiki berrien ezpondatan ere bai, batez ere isurialde atlantikoan. Baina dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XIX. mendeen artean otea baliabide preziatua zen, eta bere mozketa bizilagunen eta udalen arteko ika-miken iturri ere izan zen herri batzuetan. Beraz, ez ziren gutxi izan bere ustiaketa arautzeko hautua egin zutenak. Esaterako, Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XVII. menderako otea mozteko baimena eskatu beharra zegoen udalean, eta erreal bat ordaindu moztuko zuen pertsona bakoitzak. 

Ote guztiek ez dute balio bera: otebeltza, otezuria… eta otaberria

1735ean, Hernaniko Udalak dekretua atera zuen herrian otea mozteko debekua jarriz; abereei jaten emateko edo sukalderako soilik hartzea baimentzen zuen, beti ere neurrian moztuta. Itxuraz, Lasarten (artean Hernaniko lurretan zen), abereentzako otebeltza (Ulex gallii) mozteko aitzakian, azken urteetan otazuria (Ulex europaeus) moztu zuten simaurra egiteko, karobietarako eta arragoetarako, mendia oterik gabe utziz.

Hurrengo urtean, herritar batek baimena eskatu zuen otea moztu eta horrekin simaurra egiteko. Udalak, aurreko urtean jarritako debekua behartsuen kalterako zela jakinik, eta herritarrak oraindik ere ebakitzeko eskaerak egiten ari zirela ikusita, otea mozteko baimena eman zuen; baina soilik beltza, ez otezuria, ezta otaberria ere (urteko otea), samurra zenez ganaduari jaten emateko erabiltzen zena. Otebeltza mozteko arau batzuk jarraitu behar ziren, gainera: moztu aurretik udalari mozketa lekua eta ote kantitatea zehaztu behar zitzaizkion lizentzia eskuratzeko. Mozketa landazainaren ikuskaritzapean egingo zen, eta bere jornala eskatzaileak ordaindu beharko zuen.

Otea mozteko araudia pulpitotik

XVIII. mendearen erdialdera araudia aldatzen joan zen: 1745-60 artean, landarea mozteko lau hilabeteko epea jarri zuten, azaroa eta otsaila artean, eta lau pertsonek moztu zezaketena baino ezin zitekeen ebaki, beti ere lekua eta ote kantitatea zehaztuz. Otea moztu ostean hogei eguneko epea zegoen jasotzeko. Sukaldeetarako egur eskasia zela eta, karobietarako otea moztea debekatua zegoen. Araua irmoa zen. Betetzen ez zuenak isuna jasotzeko arriskua zuen. Eta hori jakinarazteko leku aproposena herritar gehienak elkartzen ziren gunea zen: eliza. 1760ko abenduaren 7an, Lasarteko igandeko mezan, bikarioak udalak harturiko erabakia irakurri zuen, eta ordainsaria jaso zuen horren truke.

Otearen ustiaketa ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan zuen garrantziaren erakusle da, baita ere, 1790ean txilarra mozteko eskaera egin zuen herritarrari baimena eman zitzaiola, baina horretarako aitzurra erabiltzera behartu zutela, inguruan zegoen oteari kalterik egin ez ziezaion. Mozketa irailaren 12tik aurrera egitera derrigortu zuten, inguruan zegoen iratzeari ere kalterik egin ez ziezaion.

Tentsioa herrien artean

XIX. mendean bizilagun asko izan ziren otea mozteko eskaera idatziz egin zutenak, batez ere 1840tik aurrera. Eskaera gehienak neguan mozteko ziren, landareak lorea bota aurretik, eta ia kasu guztietan karobietan erabiltzeko ziren.

Nicolas Arbelaiz hernaniarrak, esaterako, hamar gurdi zakar (otea, iratzea, sasia nahastua…) mozteko baimena eskatu zuen. Horiekin 50 gurdi kare egin nahi zituela zioen, izan ere, aurreko sei urteetan uzta asko urritu zitzaion eta bere lurrek kare premia handia zutela zioen. Horrelako eskaerak asko ziren, 20-30-40 gurdi ote ebakitzeko baimenaren truke, “ohitura zen bezala, zegokiona” ordaintzeko prest zirenak. Karobietarako ez ezik, izan zen teila eta adreilu fabrika ireki berriarentzako erregaia falta eta otea mozteko eskaera egin zuenik.

Arauak jartzeak, ordea, azpikeria ere ekarri zuen atzetik, eta liskarrak ez ziren bukatu. XIX. mendearen erdialdera, Astigarragako alkateak Hernanikoari eskutitz ofiziala idatzi zion. Bertan adierazi zion Astigarragarekin muga egiten zuten baserritar hernaniarrak behin baino gehiagotan otea lapurtzen harrapatu izan zituztela euren herriko lurretan; eta hori saihesteko, Hernaniko alkateari neurriak hartzeko eskatzen zion, gainontzean, eurek gogortasun handiagoz jokatuko zutela esanez.

XIX. mendearen amaieran otea mozteko eskaerak behera egin zuen, eta egun bizirik diren testigu zaharrenek ebakitzen zela gogoan duten arren, ez dute horren kontura izandako arau edo liskar berezirik gogoratzen XX. mendean. Otearen beharrak behera egin ahala, horri loturiko ika-mikek ere bide bera hartu zuten, eta landare arantzadunari loturiko ustiapenak eta erabilerak bere lekua galdu zuen, pixkanaka euskal gizartearen memorian zimeltzen bukatu arte.

 

Zurea bidali