Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Luzokerra
Izen zientifikoa: Cucumis sativus
Kuia eta kuiatxoaren familiakoa da luzokerra. Igokaria da. Herrestadarrak luzatu eta hosto tartean dituen kiribilekin aurrean duen guztiari heltzen dio, haren gainean hedatzeko. Lore arrak eta emeak, horiak, bereizita ditu eta emeek ematen dituzten fruitu berde beltz zilindrikoak jaten ditugu, freskotan. Hala ere, polinizazioaren beharrik gabe, lorea fruitu bihurtzeko gai diren aldaerak gero eta maizago ikusten dira.

Aldaeraren arabera, azala leuna edo pinportaduna izango du.

Aldaera berezi batzuk fruitu txikiagoak ematen dituzte, luzokertxoak dira (gazteleraz “pepinillo” eta frantsesez “cornichon”). Fresko jan beharrean ozpinetan beratuta jan ohi dira. Hauen landarea motzagoa, bilduagoa da.

Oinarrizko premiak

Beroa gustatzen zaio, 20-25ºC artean onena, baina baita hezetasuna ere. Lurrari karea emanez gero mesede egingo diogu. Simaur asko behar du, asko.

Bi eta lau metro artean luzatzen ditu adarrak. Lurrean herrestan edo egituraren bat badu haren bizkarrean.

Haizearekin sufritzen du.

Lurrari heze eutsi, baina ureztatzerakoan landarea ez busti.

Noiz zer lan

Apirila edo maiatzean ereiten da. Ontzi batean onena. 24 orduz paper busti batean bilduta eduki haziak, lurrean 3-4 sartu eta toki bero batean mantendu, etxean, adibidez. Ur epelarekin ureztatu. Argi asko behar dute. Hazien kotiledoi edo hostotxo borobilen gainean, benetako hosto pare bat duenean baratzean aldatu. Landareen artean metro bat utzi.

Nahi izatera, baratzean bertan ere erein daiteke. Maiatzean, eta haziak plastiko gardenezko ontzi batekin babestuta.

Baratzean simaurren betetako zulo handi baten gainean jarri, kuiak bezala. Arbatu edo sarea jarri lurra kendu eta, usteldu gabe, fruitu hobeak eman ditzan.

Uzta

Uda osoan emango ditu aleak. Fruitu gozoak izateko sarri-sarri bildu, ez utzi handitu eta mikazten, gutxiago azala horitu arte.

Tiraka ez bildu, labana zorrotzez edo guraizez txortena moztu.

Gaitzak eta izurriteak

Landare txikiak bareetatik eta barraskiloetatik babestu.

Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra lehorra badago.

Sasoi hezeetan zurina ager daiteke.

Nor norekin

Lagun ditu aza, artoa, erremolatxa, uraza, ziazerba, mihilua, apioa, ekilorea, ilarra, azenarioa, tipula eta babarrunak.

Ez ditu maite ez tomateak, ez kuiak, ez errefauak ezta patatak ere.

Trikimailuak

Albahaka lagun mina du luzokerrak. Inguruan badu, intsektu polinizatzaileak erakarriko ditu. Era berean, gorrina edo mildiuarengandik babestuko du.

Kontuz inguruan intsektizida tratamenduak egitearekin. Polinizatzera etorri behar duten intsektuak hil edo uxa ditzakegu eta gure luzokerraren loreak zapuztu.

Luzokerrari dasta mikatza eransten dion osagai bat aziendarentzako pozoitsua da, batik bat ardientzako.

Landatutakoan, tarteetan urazak edo eskarolak jarri. Hauek azkar etorriko dira eta luzoker landaretxoa babestuko du-eta. Hau hazten denerako besteak janda izango ditugu.

Erlazionatutako jakingaiak

2015-07-19 | Jakoba Errekondo

Lehengo astean egindakoa da argazkia. Platanus x hispanica, platanoa da; zurinak jotako platanoa. Oidioa ere deitzen zaio zurinari. Udaberriko gaitza da batez ere. Gaitza indarrean ikusteak oraindik udaberri giroa dugula

+ gehiago irakurri