Nor bere tenporako, arbia abenduko

Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Likidanbarra
Izen zientifikoa: Liquidambar styraciflua

Usain gozoko goma edo erretxin lurrintsua ematen du likidanbarrak (Liquidambar styraciflua), anbar likidoa alegia. Berari zor dio izena: liquidambar hitzak hori dio, anbar likidoa, eta, gainera, burlaizez bezala, anbarra dariola dio styraciflua-k. Argi dago, XVII. mendean izena jarri ziotenean, darion anbarragatik nabarmena zela zuhaitz hau. Ameriketako indiarrei, txeroki eta abarri galdetu behar! Baltsamo eta botika gisa gurtzen dute.

Ikusgarria du udazkena likidanbarrak: arrosa, horia, larua, laranjakara, gorria, gorrindola, purpura... Kolore festa izugarria. Gure paisaian udazkenak gutxitan erakusten digun gorriaren kide koloreena. Zabiltzan inguruan baten bat bizi bada, laster sumatuko duzu. Forma ere deigarria du: luzea, gaztetan zorrotza, gero zabalxeagoa. Adarretan, azalean, artelazki edo kortxo itxurako handitsu luzeak ditu, zumar (Ulmus sp.) batzuek ere izaten dituztenak bezalakoak.

Forma geometriko garbia eta kolore festa begitango erakargarria izateak izugarri lagundu dio. Naturalki lorez lore, fruituz fruitu, haziz hazi sekula iristea imajinatu ere egingo ez lukeen tokietan aldatu da, munduko lurralde epel guztietan. Paisajista eta arkitektoen makina bat proiektutan ikusiko duzu. Diseinatzaileek gurtzen duten zuhaitza da, jainkoxka.

Azaletik sortzen da, batik bat, anbarra edo goma. Ur hotzetik ur berora, eta hotzera eta berora ibilita, ongi beratu eta zanpatuz kentzen zaio esentzia. Goma horrek lehenagotik ezagunak ziren beste zuhaitz batzuen gomen tankera du, nonbait. Stirax generoko zuhaitzena. Hortik jarri zioten styraciflua abizena.

Inondik ere, egun hainbeste erabiltzen den estireno plastikoak, hidrokarburoetatik eratorritako estirenoak ere, Stirax horri zor dio izena. Zuhaitz horietatik lortu baitzen lehenik. Hurrengo jogurta jan eta bere potoa birziklatzera botatzen duzunean, gogoratu zuhaitz gomagileaz. Eta egun hauetan, zuhaitz luze txorrotxak gorri-gorri ikusten dituzunean, udazkenari geurean gerarazteko piztu diren semaforoak dira.

Erlazionatutako jakingaiak

2014-10-19 | Jakoba Errekondo

Likidanbarrak (Liquidambar styraciflua) anbar likidoa ematen duen bezala, beste gai askoren iturri ere bada. Tartean, bere hazietatik sortzen den azido shikimikoarena. Izen xelebre hori japonieratik dator, shikimi deitzen

+ gehiago irakurri
2014-10-12 | Jakoba Errekondo

Usain gozoko goma edo erretxin lurrintsua ematen du likidanbarrak (Liquidambar styraciflua), anbar likidoa alegia. Berari zor dio izena: liquidambar hitzak hori dio, anbar likidoa, eta, gainera, burlaizez bezala, anbarra

+ gehiago irakurri
Zurea bidali