Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Kuiatxoa
Izen zientifikoa: Cucurbita pepo
Kuiatxoa kuiaren familia zabaleko kide da. Kuiari buruz esandakoak irakurri, ia denak balio du eta ez dugu errepikatuko. Bere arbasoak Amerikarrak badira ere, berez Italian sortutakoa da, XIX. mendean.

Kuia gehienak ez bezala, kuiatxoak heldu gabe jan daitezke. Helduta negurako ere jaso daitezke, hala ere.

Zabal hazten da, baina ez herrestan, hostotik hostorako tartea motza du eta hosto metatxorro bat bezalakoa da. Azpian loreak eman eta fruituak haziko ditu.

Kolore askotakoak daude, zurik, horiak, berdeak... Baina denek antzeko itxura dute, zilindrikoa.

Hala ere, ez beldurtu eta aldaera berriak erein, dasta eta kolore berrietara ireki.

Oinarrizko premiak

Eguzkizaleak eta berozaleak da. Lurrak aberatsa izan behar du, batez ere materia organiko asko duena. Simaurra, luarra edo dena delakoa erruz eman. Berria izanagatik, erabat heldu gabekoa, ez dio axola.

Lore arrak eta emeak izaten dituzte, desberdinak. Emeak atzeko aldean gero kuiatxoa izango den ale txikia dakar. Intsektuek eramango dute polena arrarengandik emearengana. Hau gertatzen ez bada ez du fruiturik haziko. Sasoi hotz eta euritsuetan eskuz egin behar da lan hau. Ikusi trikimailuen atala.

Noiz zer lan

Kuiaren berdinak: ereintza, aldaketa, lurraren prestaketa... Tartea da aldatzen dena: landare bakoitzari metro karratu bana eman.

Uzta

Lorea jan daiteke, lore emea. Irekitzen denean, dagoenerako, loreak atzean hortxe du gero kuiatxoa izango den koxkorra. Gutizia ederra da.

Kuiatxoak fresko direnean jaten dira. Azala egin baino gogortu aurretik. Zenbat eta txikiagoa bildu goxoagoa, xamurragoa eta barruan hazirik gabe. Kendu ahala etorriko dira berriak. Beraz, handitzen ez utzi.

Negurako jaso nahi bada, heldu eta azala gogortzen utzitakoan bildu. Beti txorten puska batekin jaso, hau da, ebakita, ez tiraka kenduta.

Ondo kontserbatzen da, toki lehor eta freskoan, belar ondua edo lasto gainean beti ere. Bakarren bat ezik, gordinik ez da jaten. Mamia era askotara prestatuta jaten da eta haziak edo pipitak txigortuta.

Gaitzak eta izurriteak

Landare txikiak bare eta barraskiloetatik babestu.

Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra lehorra badago.

Sasoi hezeetan zurina ager daiteke.

Nor norekin

Azak, lekak, babarruna, tipula eta baba txikia atsegin ditu.

Senide duen luzokerra, aldiz, ez.

Trikimailuak

Hazia baratzean bertan egiten badugu, plastikozko botila edo ontzi baten ipurdiarekin estali, berotu eta laguntzeko.

Zolda-belarrarekin azpiak egin. Inguruko lurra babesteaz gain, bere potasio gosea asetzen asko laguntzen dio. Belarrarekin batera errautsa jartzen badugu, are eta potasio gehiago izango du eskuera.

Sasoi hotzetan intsektuen bidezko polinizazioa kolokan dago. Giro lehorra den egunetan hartu lore arra, inguruko petaloak tolestu edo kendu eta erdiko isipu edo pintzel tankerakoa, lore emean igurtzi, polena uzteko.

Hazitarako aleren bat jaso behar izanez gero, lehenengoetako bat zian dadila, haziek ondo heltzeko beta izan dezaten.

Erlazionatutako jakingaiak

2015-09-06 | Jakoba Errekondo

Japonian fruituei egiten dieten ohiz kanpoko goratzarrearekin utzi nuen txoko hau uda aurrean. Uda eta udazkena arteko sasoi honi ezin ekin fruituak ahaztuta. Duela ez asko, bertsolari batek “errotu” eta

+ gehiago irakurri
2015-07-19 | Jakoba Errekondo

Lehengo astean egindakoa da argazkia. Platanus x hispanica, platanoa da; zurinak jotako platanoa. Oidioa ere deitzen zaio zurinari. Udaberriko gaitza da batez ere. Gaitza indarrean ikusteak oraindik udaberri giroa dugula

+ gehiago irakurri