Landareek oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari Terri Guillemets

Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Kuia
Izen zientifikoa: Cucurbita sp.
Kuia jendea ugaria da. Mundu guztian egiten diren kuien familia beldurgarri zabala da. Hibridatzeko duen erraztasuna dela eta, forma, kolore eta itxura askotako buruak ematen dituzten ehunka kuia landare dago. Jatekoak eta apaingarri gisa erabiltzen direnak.

Herrestan hazten diren adarrak ematen dituzten urteko landareak dira. Herresta horretan landare edo dena delako zerbait topatzen badu, bizkarrera igoko zaio eta azpian hartuko du. Fruitua animalia handiek jateko prestatuta dago: azal gogorra autsi eta barruko mami helduarekin batera haziak jan eta sakabanatuko dituzte.

Garai batean kurkubia (Lagenaria siceraria) bakarrik ezagutzen zen hemen. Berdetan jateko modukoa, baina batez ere ontziak egiteko erabiltzen zena: likidoak, janaria, haziak eta abar jaso eta garraiatzeko. Ameriketatik ekarri genituen Cucurbita generoko kuiak. Artoa eta babarrunarekin batera lantzeko ohiturarekin iritsi ziren, eta baita azkar asko hedatu ere.

Gehien egiten direnak hauek dira: kuia erraldoia (Cucurbita pepo), kuia luzea (Cucurbita moschata) eta frantsesezko “potimarron” deitzen duguna (Cucurbita maxima var. Hokkaido).

Hala ere, ez beldurtu eta aldaera berriak erein, dasta eta kolore berrietara ireki.

Oinarrizko premiak

Kuiak sail handia behar du. Lur gainean hedatzeko tokirik ez bada, hesi edo zutikako sare antzeko zerbait jarri. Eta adarrak luzatzen dituen eran haren gainean kiribilduta eutsiz mantendu.

Eguzkizaleak eta berozaleak dira. Lurrak aberatsa izan behar du, batez ere materia organiko asko duena. Simaurra, luarra edo dena delakoa erruz eman. Berria izanagatik, erabat heldu gabekoa, ez dio axola.

Lore arrak eta emeak izaten dituzte, desberdinak. Emeak atzeko aldean gero kuia izango den pinporta dakar. Intsektuek eramango dute polena arrarengandik emearengana, hau ernaldu eta fruitua hazi dezan. Eguraldi euritsuak lan hau zailtzen du, eta zenbaitetan baita eragotzi ere.

Noiz zer lan

Kuiak hazitik zabaltzen dira. Hazia ernetzeko, lurrak bero egon behar du, 13 ºC-tik gora. Udaberrian apirilean, egokiena. Nahi izatera lurrean bertan erein, edo ontzi batean erein eta ondoren baratzean aldatu. Egun batean uretan beratu haziak, hurrengo egunean 2-3 cm lurpean sartu. Benetako lehen hostoa erakusten duenean aldatu daiteke. Ontzitik baratzera aldatzerakoan kontuz sustraiei kalte egin gabe.

Baratzean erein edo aldatu aurretik zulo handi bat egin, egokiena 40 x 40 x 40 cm. Simaurrez bete, azala lurrez estaliz. Hemen erein edo aldatu. Landare batetik besterako tarteak, gutxienez metro eta erdikoa izan behar du.

Hasieran inaurkina edo lastoa jarri landarearen inguruan, belar gutxiago eta ura gehiago izango du hazteko. Plastiko beltza jartzen duenik ere bada.

Uzta

Kuiak heldutasunera iritsi direnean jaten dira. Aleari azala gogortu zaionean heldu da. Hatzarekin txortenaren aldamenean arin zanpatu eta bigun antzerakoa dagoenean pronto da. Negurako jasotzeko denean, landarean bertan gogortzen utzi eta izotzen aurretik jaso. Beti txorten puska batekin jaso behar da, hau da, ebakita, ez tiraka kenduta.

Ondo kontserbatzen da, toki lehor eta freskoan, belar ondua edo lasto gainean beti ere. Hotz handia egiten badu babestu. Behin jaso ondoren, mamia aldatzen hasiko da, gero eta gozoago, goxoago eta hazkurritsuago bihurtuko da. Bakarren bat ezik, gordinik ez da jaten. Mamia era askotara prestatuta jaten da eta haziak edo pipitak txigortuta.

Gaitzak eta izurriteak

Landare txikiak bare eta barraskiloetatik babestu. Gau bakar bat nahikoa dute desagerrarazteko.

Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra ere lehorra badago.

Nor norekin

Kuiarentzako lagunik onenak artoa eta babarruna dira (ikusi babarruna).

Azak, lekak eta baba txikia ere atsegin ditu.

Trikimailuak

Hazia baratzean bertan egiten badugu, plastikozko botila edo ontzi baten ipurdiarekin estali, berotu eta laguntzeko.

Sasoi hotzetan intsektuen bidezko polinizazioa kolokan dago. Giro lehorra den egunetan hartu lore arra, inguruko petaloak tolestu edo kendu eta erdiko isipu edo pintzel tankerakoa, lore emean igurtzi, polena uzteko.

Aleak hazten direnean lurra ukitzen badute, teila, kutxatxoren bat edo zerbait jarri lurra kendu eta ez usteltzeko.

Kuia handienaren lehiaketa irabazi nahi baduzu, landare bakoitzean ale bat edo bi besterik ez utzi.

Kuiak, batez ere kurkubiak, hustu eta lehortuta jasotzeko: izerditzen utzi hilabeteetan, azala lizundu daiteke, lizunak lehortzen utzi, eskuilatu, lizpapera pasa eta leundu eta amaitzeko argizaria edo berniza eman.

Fruitu batzuk hartu eta hazten ari denean, puja-muturrak kimatu, energia guztia fruituetara bidera dezan.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-05-19 | Jakoba Errekondo

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta

+ gehiago irakurri
2016-06-19 | Jakoba Errekondo

Hiru elkar hartuta. Gure kultura atlantikoko lurretako hirutasun nagusia badator. Artoa-babarruna-kuia. Oraintxe sortzen ari dira, hiru bat eginda. Soroari, kulturaren alorrari etekin hobea ateratzeko elkartasuna. Babarrunak

+ gehiago irakurri
2015-07-19 | Jakoba Errekondo

Lehengo astean egindakoa da argazkia. Platanus x hispanica, platanoa da; zurinak jotako platanoa. Oidioa ere deitzen zaio zurinari. Udaberriko gaitza da batez ere. Gaitza indarrean ikusteak oraindik udaberri giroa dugula

+ gehiago irakurri
2015-02-22 | Jakoba Errekondo

Erreka, ibai eta errio aldamenetako erribera lurrak dira Euskal Herri atlantikoko nekazarien ametsetako paradisua. Lur onenak hortxe bildu dira, urak ekarrita milioika urtean; ez kristorik ezta jainkoaren asmakizuna sortu

+ gehiago irakurri
Zurea bidali