Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu Baratzezainen esaera

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Polinizazio
:  lorearen aieka arrak sortzen duen polena aieka emera iristea. Haizeak... [+]

LANDAREPEDIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Krispeta artoa
Izen zientifikoa: Zea mays var. everta
Makina bat etekin atera diogu artoari Ameriketatik ekarriz geroztik: bizarra erregai, zurikina zigarro-paperetarako edo lastairatarako, zuztarra azpitarako, lorea eta maizorria jatenetarako, lokotxa sutarako, alea geure arto edo ogi eta artaburua aldamenekoa! Artoaren alea ehota jatera ohituta gaude: artoa, taloa...

Artaburua bera ere jan daiteke. Honetarako aldaera berezi batzuk ereiten dira. Burua berdetan jateko aldaerak hautatu eta bereizteko arrazoia sinplea da: almidoi gutxiago eta azukre gehiago izatea.

Krispetatarako artoan burua ondo heltzen utzi behar da. Ongi lehortu dadila eta burua osorik edo aletuta jaso.

Oinarrizko premiak

Artoa berozalea da. Lur aberatsa behar du, nahitaez. Ondu gabeko simaurrik ez du nahi izaten. Garrantzitsuena, hala ere, kokapena da: eguzkia behar du, eta ahal bada haize zakarretatik babestuta. Haize handiak landarea etzateko arriskua bada ere, haizea beharrezkoa du artoak. Bi lore bereizita ematen ditu, emea eta arra. Tontorrean duen lore arrak sortzen duen polena, hostoaren altzoan hazten duen artaburuko lore emeetara eramateko, polinizaziorako, haizea behar du.

Noiz zer lan

Lurra berotzen hasi denean erein, apirila-maiatza aldera. Errenkada batetik bestera 70 cm. inguru eta zulotik zulora 40-50 cm. Zuloko 3-4 ale erein, eta lurrez arin estali (2 cm.). Jorratze lana garrantzitsua da: arin-arin egin behar da sustraiak ez kaltetzeko eta zuztarra edo kanaberaren azpiko korapiloetan erpoiak edo aireko sustraiak emateko joera duenez, hauek lurreztatuta ikaragarrizko aldea izango du haizearen bultzadizoari aurre egiteko. Goiko lore arrak ireki direnean egun gutxi batzuk utzi, hiruzpalau, eta moztu eta kendu. Honek landarea moztu eta indartuko du, eta kendutakoa aziendarentzako oso jaten ona da. Bestela, azpitarako inaurkinetara edo zuzenean luar pilara.

Artoak ur asko behar du. Euskal Herri atlantikoan ez dago ureztatu beharrik: euriarekin eta hosto zabaletatik ipurdi aldera biltzen duen ihintzarekin nahikoa du. Hegoaldean ureztatu egin beharko da.

Uzta

Landare bakoitzak buru bat edo bi egingo ditu. Bi baino gehiago dituena bikaina da. Berdetan jateko arto gozoari artaburuaren bizarrak , txokolate kolorea hartu dutenean heltzen ari dira. Buru baten zurikinak ireki eta ale batzuk kendu, hatz artean zanpatu eta: lehertzean ura ateratzen bada heldu gabe dago, uraren ordez krema itxurako likido lodi antzekoa bada, jateko moduan dago. Kontuz, kontuz, zuztarrari eta buruari tinko heldu eta azken hau poliki bihurrituz kendu.

Krispeta artoari ondo heltzen utzi landarean bertan. Erabat ihartu denean, hostoko jaki guztiak hazian kontzentratu direnean bildu. Burua bere horretan jaso, edo zuritu eta zurikina kenduta, edota ondoren aletuta, alea bera.

Gaitzak eta izurriteak

Geurean ez du arazo handirik. Kontuz bareekin. Okerrenak beleak eta bere familiakoak dira. Ernatu ordurako landarea atera eta lurpeko alea jaten dute. Arratoiak ere zaleak dira...

Nor norekin

Ameriketan mirarizko hirutasuna dela diote: artoa + babarruna + kuia. Hemen ere laster ikasi genuen: artoak babarrunari eta kuiari itzala ematen die, babarrun alea finagoa eta kuia landarea babestuz, babarrunak nitrogenoa askatzen du lurrean beste bien mesederako eta kuiak zirrikituak betetzen ditu, tarteak aprobetxatuz eta belarrak atzeratuz.

Bere itzaletan luzokerra, meloia, kuiatxoa... ederki etorriko dira.

Hasieran urazak, eskarolak eta antzekoak jarri daitezke, handitu artean haiek jango ditugu.

Trikimailuak

Haize bidezko polinizaziorako, arta multzo bildua sortzea hobe da ilara luze pare bat baino.

Artaburuak jan behar ditugunean bildu. Behin landaretik kenduta, duen azukrea etengabe almidoia bihurtuko da, gozo punttua galduaz. Honetan dago etxekoaren eta erositakoaren arteko alde nagusia... Beraz, behar adina bildu, jan behar dugun bakoitzean. Ameriketan honela diote: artaburuak biltzera lasai joan, eta korrika bueltatu sukaldera.

Sukaldean prestatzerakoan: zurikina edo artazorroa eta bizarrak kendu, ur irakinetan arin-arin egin (5-6 minutu), gehiegi inoiz ez eta sekula ez gehitu gatzik urari. Arranparrilan ere egin daiteke, zurikina kendu gabe denbora bikoitza beharko du.

Izoztu daiteke, bildu eta jarraian 4 minutu inguru egosi, lehortu eta bakoitza bil-bil egin eta izoztu.