Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Kardua edo baratze kardua
Izen zientifikoa: Cynara cardunculus
Landare iraunkorra da baratze-kardua, orburuaren bestengusua. Tankera bertsuko itxura dute biek: landare handia da, 1,5 metrora ere iritsi daitezkeen hosto gris-urdinxkak zabal-zabal hedatzen ditu. Ikusgarria da, baratzean deigarria, eta lore pipilak irekitzean are eta dotoreagoa. Itxuragatik bakarrik eduki daiteke.

Orburuaren lore-pipila itxia jaten bada, karduarena hostoaren zorten zuritua, orri-mamia.

Mediterranearra da, aspalditik jaten den gutizia hau. Mikatza da eta beraz oso osasuntsua. Bere osagai mikatz horrekin bermutaren tankerako edariak ere egiten dira.

Oinarrizko premiak

Toki asko behar du karduak. Baratzearen bazter bat aukeratu, errenkada bat jartzeko. Ongarri organiko ugari duen lurra behar du. Lur harroa maite du, itotzen denean inolaz ere ez jarri.

Noiz zer lan

Neguan erreten handi bat egin eta simaurrez bete. Simaurraren ordez luarra izan daiteke. Aldatu aurretik lurrez estali. Apirilean edo maiatzean landaretxoak aldatu. Errenkan batetik bestera 80-100 cm utzi. Simaurra jarri inguruan. Nahikoa euri egiten ez badu erruz ureztatu.

Hazitik ere egin daiteke. Apirilean erein eta 3-4 hosto dituztenean aldatu.

Uda amaieran karduaren hostoen beheko barreneko orri-mamiak zuritze bidean jarri behar dira. Argia kendu behar zaio zortenari. Iraila-urria aldera, giro lehorra den sasoi batean, hostoak eta bihotza lehor-lehorrak daudelarik hostoak elkartu eta lotu. Zortenean hostoak hasten diren tokian lotu. Egunkari paperez edo kartoiaz edo plastikoz bildu eta estali.

Estaltze hau lurrarekin ere egin daiteke. Inaurkina edo lastoarekin bildu eta lurrez estali.

Hostomamiak estali gabe ere utzi daitezke. Berdeago, mikatzagoak izango dira, baina osasuntsuagoak eta platerean ez du alde handirik izango.

Uzta

Hostoak lotu eta bilduta, 2-3 astetan zorten multzoa zurituta egongo da.

Landarea osorik atera, sustraiak eta hostoak moztu. Zorten multzoa jaten da. Barrukoak dira gurienak. Kanpokoak, zakarrenak baztertu daitezke.

Gaitzak eta izurriteak

Landaretxo aldatu berriak bare eta barraskiloen gutizia dira.

Luhartza, satain, sator eta abar ere ez dira atzera geratzen. Kontuz!

Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra lehorra badago.

Ikusi orburuaren gaitzak.

Nor norekin

Aldamenean baba eta baba txikia lagun ditu. Tartean ere jarri daitezke uraza, meloia eta errefaua.

Trikimailuak

Hostoak bildu eta lotzeko, mahuka luzeko arropa eta eskularruak jantzi. Hostaia oso lakarra du...

Denak batera ez estali. Zuritu eta ez bada jaten, estalita jarraitzen badu usteltzeko arrisku latza dago. Jango denaren arabera egin. Astean bat, bi...

Jatun handia da kardua. Urte guztian, inguruan simaurra edo luarra jarrita eduki. Belarra atzeratuko du eta jatena emango dio.

Hostoak bildu eta lotzen direnean, landarea kili-kolo badago, hesola edo makila bat sartu aldamenean eta hari lotu.

Urtero landare bat lotu gabe utzi. Urte berriarekin altsuma berriak botako ditu ipurdian. Orburuarekin egiten dugun eran, lurreztatu eta landare berriak hortik sor ditzakegu.

 

Zurea bidali