Ilbeltza bada hil txuri, ardiak haziko du axuri; ilbeltza bada hil beltz, ez ardi eta ez axuri

Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Ilarra
Izen zientifikoa: Pisum sativum
Babarekin batera, milaka urte badira ilarra jateko ohitura badela Europa aldean. Lehen babarrunak bezala alea lekan lehortzen utzi eta eltzekari gisa jaten zen. Italian landu omen zituzten berdetan jateko aldaera berriak XVI. mendean. Hortik aurrera aukera ikaragarria dago ilarretan: zarba handi ertain edo txiki, goizeko edo beranduko, ale txiki edo handiko, lekak jaten direnak... Badira, bere loreen kolore eta usain deigarriengatik lorategietan jartzen direnak ere.

Oinarrizko premiak

Landare igokaria da eta handia edo txikia, beti beharko du arbaren bat. Sustrai askoko landarea da. Sakon eta zabal hedatzen ditu. Zurtoin nagusi bat luzatzen du, korapilo antzekoak dituena. Goizeko aldaeretan ia laugarren korapiloan hasi daitezke loretako arbatxoak. Berandukoetan, aldiz, askoz gehiago hazi ondoren batzuetan baita 20.ean ere.

Lekadun guztiek bezala, sustraietan bakterio batzuk hartzen dituzte apopilo, hauek aireko nitrogenoa hartu eta lurrera ekartzen dute. Beraz, ilarrak ez du nitrogenodun ongarririk behar, kontuz, bada, simaurrarekin. Gainera, lurra nitrogenoz aberastuta utziko duenez, bere ondoren hostoa aprobetxatu diogun barazkiren bat jarri, nitrogeno hori balia dezan. Arrazoi beragatik, lekadun baten ondoren beste lekadun bat ez jarri sail horretan.

Klima epeleko landarea da, baina freskura eta hezetasuna maite ditu. 5º C-tik gora erne daiteke. Hotz handia behar du ilarra kaltetzeko. Zarba -6ºC-tik behera erreko da eta loreak -3’5ºC-tik behera. 15-18 ºC artekoa du gustukoena. Beroarekin ere asko sufritzen du.

Lur freskoak baina itotzen ez direnak nahi ditu. Ez da baba eta beste lekadunak bezain karezalea.

Noiz zer lan

Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira.

Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da.

Uzta

Udaberrian eta udara hasieran. Ez utzi lekak zakartzen, maiz-maiz jaso. Txikiak direnen bildu, kendu ahala gehiago emateko joera izango du. Txiki-txiki bilduta “malkoa” deitzen zaio aleari, gutizia garestia da. Badira lekak jateko aldaerak (gazteleraz bisalto edo tirabeque, frantsesez mange-tout), barruko aleak hazten hasi aurretik bildu.

Zarba eta hostajea aziendarentzako jatena goxoa da, baita lurrarentzako ongarri ere. Nahi izatera bertan lurperatu edo txikituta luar edo simaur pilari erantsi.

Gaitzak eta izurriteak

Gorrina, mildiua eta antraknosiak sasoi hezeegietan erasotzen dute. Zurinak, aldiz, garai lehorretan, udaberriko beroetan, adibidez. Ilarraren sasoiaren bukaeran, gehienetan zurinak jota bukatzen du.

Zorriak eta alea jaten dioten gurgurioak ere azaldu daitezke.

Nor norekin

Ikusi babarruna.

Trikimailuak

Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein.

Kontuz haize tokietan...

Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da.

Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.

Uzta azkartzeko kimatu. Aldaera goiztiarrak 5. lorearen gainean eta 8.aren gainean berandukoak.

Hazia jasotzeko landare batzuetako leka guztiak bertan ontzen utzi, eta ihartutakoan bildu eta jaso.

Erlazionatutako jakingaiak

2016-06-12 | Jakoba Errekondo

Udaberriroko eztabaida: zer da goxoena, ilarra (Pisum sativum) edo baba handia (Vicia faba)? Nik zalantzarik ez dut: baba handia. Tipulin batekin olio pittin batean erdi erreta, a zer luxua! Felix lagunak patatekin (Solanum

+ gehiago irakurri
2014-05-18 | Jakoba Errekondo

“Akazia lore, antxoa urre” esaerari adi, lagun koadrilatxo bat urtero bildu ohi gara udaberriaren bihotzari gorazarre otorduan. Arrautzetan pasata, antxoa eta sasi-akazia lorea (Robinia pseudoacacia), sasoiko

+ gehiago irakurri