Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Basoa

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Hagina
Izen zientifikoa: Taxus baccata

Hagin bat sortzeko gai bazara, milaka urterako mundu bat egiteko ahalmena duzu. Milaka urte bizitzeko pazientzia hartzen du, bai, haginak (Taxus baccata). Milaka urte horietan mundu asko biziko dira haginaren inguruan: txori, intsektu, landare, goroldio, perretxiko... Etenik gabeko aldaketa bizia. Zure esku dago mundu horiek sortzeko aukera, eta, agian egunen batean, zure munduan egin duzun gauzarik ederrena dela jabetuko zara. Hagin bat sortu.

Uzta

Hagin bat zure besoetako egin nahi baduzu, bi bide urra ditzakezu: hazia eta aldaxka. Biak egokiak dira, baina berak milaka urte bizitzeko hartzen duen adinako pazientzia izan beharko duzu zeuk ere. Alaba bat ekarriko bazenu bezala da, urteetako lana, baina emaitza ikaragarria. Oraintxe duzu lan horretara emateko garai ona. Haziak laster erakutsiko ditu hagin emeak eta aldaxkak moztu eta landatzeko sasoia da.

Ezaugarri eta bitxikeriak

Haginetik haginaga. Hagina, Taxus baccata, haziak erabili beharrik gabe ugal daiteke. Adar muturretako kimuak, aldaxka gisa, aldatu eta landare berriak sortzeko gai dira. Aldaxka landare “amaren” puska bat besterik ez denez, bertatik sortuko den landare berria haren berdin-berdina izango da: hostajearen kolorea, adarrak emateko joera, tamaina, kemena... Klon bat izango da. Klona, aurrekoaren berdina, ezaugarri berberak dituena besterik ez da. Horrek abantailak ditu, eta horiek gure alde erabiltzen azkarrak izan behar dugu. Bertako haginen aldaxkak erabiltzea da kakoa. Kanpotik ekartzen ditugun haginak ez dakigu nondik sortuak diren, zein tokitako klimara eta lurrera egokitutakoak diren. Hemengo mendietan berez sortutako hagin zaharrak, ordea, bertan milaka urtean osatutako amona-ama-alaba kate baten katebegi dira, milaka urtean bertara egokituz eta aurrinduz egundaino iritsitakoak dira. Horiexen klonak izango dira gero ere hemen, zeure lurrean, ondoen bizi eta iraungo dutenak; edozein direla ere, etorkizunean sor daitezkeen baldintza berrietara bizitza moldatu eta espeziearen iraupena lotuko dutenak.

Eta nola sortu zuhaitza adar muturretik? Landare “ama” aukeratu, arra edo emea. Izerdia ondroso darabilen edozein urte sasoi ona da, martxotik abendura. Nire ustez, udazkeneko sasoi hau da, hala ere, onena. Adar sano eta indarrean daudenak aukeratu. Arrabete inguruko muturrak moztu, ebaki garbia eginez. Adar puskak erdi biguna eta erdi gogorra izan behar du, ebakitako tokian egurra egiten hasia dena. Alboetan adartxoak baditu moztu eta kendu, baita lurpean sartu beharko dugun beheko aldeko hirutik bitako hosto guztiak ere. Sustraiak bizkorrago emateko, batetik soildu dugun aieka horretako azalean axaleko zauritxoak egin, labanarekin karraskan, adibidez, eta bestetik aldaxkaren oineko ebakia zanpatu zauria itsustuz. Lur beltza eta hondarra erdibana nahasi, eta, esan bezala, hirutik bi lurpean sartu. Lurperatuko dugun zati hori aurretik hormonatan blaitu. Itzalzalea da hagina; neguan izotzak harrapatuko ez duen toki freskoan jarri. Lurra lehortzen ez utzi, baina ito gabe ureztatu. Egokiena hormonak dituen ura da, haziekin (dilista, Lens culinaris; txitxirio, Cicer arietinum; babarrun, Phaseolus vulgaris; arto, Zea mays; gari, Triticum spp; olo, Avena sativa; hirusta, Trifolium spp...) edo zume adarrekin (Salix spp) egina. Hagin batetik haginaga.

Erlazionatutako jakingaiak

2015-03-01 | Jakoba Errekondo

Erriberetako izurrite handienetakoa da luhartza (Gryllotalpa gryllotalpa). Ondo latina jarri zioten izena: “gryllo” kilkerra eta “talpa” satorra. Bikoitza da luhartza: era berean kilker handi bat eta

+ gehiago irakurri
2014-07-06 | Jakoba Errekondo

Tokiak sortzeko artea da topiaria. Tokia edo gunea adierazten duen topos/topia grekotik dator, “utopia”, “entropia” eta abar bezala. Landareak kimatuz itxura jakin batera eramaten dira. Landare bakar

+ gehiago irakurri
2010-11-28 | Jakoba Errekondo

Lilura eragitea da baratze bat sortzerakoan kontuan izan ohi dugun helburu nagusietakoa. Baratzea ez da soilik barazkitza. Geure baratzeetan barazkiekin batera sendabelarrak, loreak, fruitu arbolak, espeziak, landare

+ gehiago irakurri
2010-11-21 | Jakoba Errekondo

Musika dotorea egiten da zurarekin, zurezko tresnekin. Baita txar askoa ere. Musika egiten du zurak. Ebanoa (Diospyros generokoak), kaobak (Meliaceae familiakoak), Dalbergia generoko zuhaitz jendea... Zur onenak ditugu

+ gehiago irakurri