Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Esparragoa
Izen zientifikoa: Asparagus officinalis
Baratzean zainzuria bezalako landareek bizipoza ematen dute. Tokia behar, baina haien emanak dena konpontzen du. Ez da azak egitea bezain erraza, baina baratzero goi ordokitxo bat beharko luke beretzako.

Bizitza luzeko landarea da zainzuria. Urtero lurgainetik desagertzen da eta urtero berritu. Berritze horretan ematen dituen kimuak, altsumak edo muskilak jaten dizkiogu. Lurpetik ateratakoak zuriak izaten dira. Lurretik kanpora argiarekin berdetu egingo dira.

Basa zainzuriak ere badira, baratzean lantzen ditugun hauen asabak.

Zainzuriaren dasta atsegingarria, bere mami guri zukutsua eta bere forma, dena du erakargarria. Milaka urtetan lantzeko nahikoa arrazoi... Aspaldi, pentsatzen zuten zainzuri kimuak lurpean zeuden ahari adarretatik sortzen zirela.

Gure amonaren bestetxeko aitonak, zainzuriak, lurretik atera berriak gosaltzen zituen. Luxu hoberik ez zela esaten zuen, Zubietan!

Oinarrizko premiak

Zainzuriaren zikloa ezagutu behar da. Lurpeko zain lodikote multzo bat da landarearen oinarria. Honek udaberrian kimuak botatzen ditu landarea berritzeko. Kimu horietako lehenak jaten dira. Udatik aurrera ez ditugu moztuko eta datozen horiek landare berria osatuko dute. Landare honek lurpeko sustraiak elikatuko ditu. Udazkenean landarea ihartu egingo da. Eta hurrengo udaberrian berritu.

20 urtetarako jartzen da zainzuria. Ongi pentsatu: toki egokia, eskuera, lurra... Baratze bazter bat aukeratu, ez behintzat enbarazu egingo dizun tokia.

 

Tokia aukeratzeko kontutan izan: lur harroa behar du, eguzki begia eta babesa. Berdin da harritsua, edo buztina, baina, nahitaez, urak alde egiten diona behar du. Buztin-lur itoa edo ur-asetzen dena bada zainzuri gutxi, zakarrak eta mikatzak izango dira. Hondar ugari nahastuko zaion koska handi bat sortu.

Zainzuri berdea errazagoa da. Ez du lur ildo handia behar, sortu ahala argitan egon daitekeelako. Zuria baino txikiagoekin ere etsitzen dugu, eta lur eskasagoan ere etorriko da.

Noiz zer lan

Lurra gogotik prestatu behar da: landareak jarri aurreko udazkenean belarrak kendu, batik bat iraunkorrak direnak, simaur zahar mordo bat zabaldu eta hilabetera karea edo surtako hautsa eman. Hondarra nahastu, errekakoa edo silize harrobiren batekoa.

Otsailetik apirilera landareak aldatu behar dira. Honetarako sustrai-zarpak eskuratu. Erreten handi bat egin behar da, 30-35 cm sakonerakoa. Azpian 5 cm lur beltz harroa zabaldu, 50-60 cm tartearekin lur ttonttorrak egin eta gainean sustrai zarpak jarri. Zarpak zabaldu eta sustrai luzerik badu moztu. Lur harroarekin erretena estali, beste 10 cm, eta zarpak 3-5 cm. Erretenaren barruan, kimuak hazi ahala, pixkanaka, lurrez estaliz joan behar da. Kimuak hosto txikiz jantziko dira, eta haizeak dantzatzen dituenean sustraietan eragin dezaketen kaltea eragozteko, arbatzea komeni da. Haize tokia bada, babes iraunkor bat eraiki.

Udazkenean, kimu horiek eman duten hostaia gorritzen hasten denerako, erretena erabat berdinduta izango da. Simaur zaharra, xehe-xehe harro-harroa, izanez gero estaltzeko erabiltzen den lurrari nahasi daiteke, landareari itsasten eta erreserbak metatzen lagunduko dio.

Landarea erabat horitu denean, urria amaiera aldera, lurgainean moztu. Lur pila desegin eta ongarria nahasi.

Otsaila aldera, urtero, simaurra edo ongi egindako beste edozein ongarri organiko eman suelto, ugari. Inguruko lurrarekin nahasi eta landarearen inguruan pila berrantolatu.

Berdea estuago aldatu behar da, tarte erdiarekin. Ez dago bere inguruan hainbeste lur pilatu beharrik.

Uzta

Lehen bi urtetan hobe da ez biltzea. Sustraiak indartu eta etorkizuna bermatzeko. Hirugarrenetik aurrera, zuriak zuri biltzeko egunero pasatzea komeni da, bestela muturra bistara atera eta berdetu egingo da. Lur pilan kimua non datorren zartadura ikusten da, inguruko lurra pixka bat kendu eta labana zorrotz batekin 20-25 cm-ra moztu. Kontuz egin beharreko lana da, sustraiak eta aldamenean datozen gainontzeko kimuak puskatu gabe.

Berdeak 3-4 egunetik behin biltzea nahikoa da, horixe, berdetu egin behar delako.

Nafarroan esaerak hala dio: “apirilekoak nagusiarentzako, maiatzekoak niretzako eta ekainekoak inorentzako”

Ekainetik aurrera sortzen diren kimuak hazten utzi. Luzatu, hostok zabaldu eta lurpeko sustraiak janariz beteko dituzte. Honek hurrengo urteko kimuak ziurtatuko ditu.

Gaitzak eta izurriteak

Lurreko hezetasunarekin lotutako onddoek sortzen dituzten gaitzekin sufritzen du: gorrinak, fusariosia, rizoktonia...

Zainzuria bereziki erasotzen duen kakalardoa: kriozeroa. Harrek bezala helduek kimuak eta hostoak jaten dituzte.

Nor norekin

Inguruan nahi dituen lagunak: baratxuria, babarruna, tomatea, perrexila, tipula, albahaka...

Trikimailuak

Landare arrak eta emeak daude. Arrak emankorragoak dira, kimu gehiago eta lehenago ematen dute. Emeak kimu gutxiago emango du, baina askoz ere lodiagoak eta hobeak. Emea erraz ikusiko duzu, hosto artean koxkor gorriak ematen ditu. Zenbaitek, zainzuri gehiago biltze aldera emeak kendu eta arrak bakarrik uzten ditu.

Zainzuriari lurra aberasteko, inguru osoan leka edo babarrun motza erein.

Zainzuri kimuak zapore hobea izan dezaten gatz apur bat banatzen da udaberri aurreko ongarriarekin batera.

Kimuak biltzeko sasoian izotz arriskua bada, inaurkina edo lasto edo antzeko zerbaitekin babestu.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-07-14 | Jakoba Errekondo

Bero zakarrak izan dira uda hasiera honetan. Ohitzen ahal gara! Klima aldaketa gezurkeria dela esaten jarraitzen dutenak, beraiek jakingo dute zein patrika betetzen ari diren, baina datuak hor daude. Eta jarraitzen dute

+ gehiago irakurri
2018-11-25 | Jakoba Errekondo

Etxetik abiatua naiz zelkoba kaukasiarrari (Zelkova carpinifolia) eta astigar txinatarrari (Acer truncatum) goizeroko bisita egin ondoren. Gaur, gorri-gorri lehena eta horitik morerainoko kolore ore bigarrena. Ez alferrik

+ gehiago irakurri
2015-04-05 | Jakoba Errekondo

Gure munduaren sorrerako garaiekin lotzen da azeribuztanaren landare generoa (Equisetum). Paleozoikoko garai Devoniarrean, duela 400 milioi urte inguru, bere senideak bizi ziren. Geroxeago, Karboniferoan, duela 300 milioi

+ gehiago irakurri