Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Eskarola
Izen zientifikoa: Cichorium endivia
Osterzuria ere deitzen zaio. Eskarolak, txikoriak eta endibiak genero berekoak dira, eta izenekin nahasketa izugarria dago. Historian zehar mota desberdin ugari bereizi izan dira eta bakoitzak lantzeko era bat du. Endibiak lurretik atera eta ilunpetan jarritako sustrai lodituetatik sortzen dira. Txikoria, sustraiak lehortu, txigortu eta ehotuta, kafearen ordezko edo osagarri bezala erabiltzen da.

Hemen eskarolarena. Landare mikatza da eta horretxegatik landu eta erruz jan da. Hasieran osasungarri, ia botika bezala, eta orain mikaztasun hori apalduta, entsalada gai hedatua.

Eskarolen artean bi multzo nagusi daude: hosto leuna (Cichorium endivia var latifolium) eta hosto kizkurra (Cichorium endivia var crispum) dutenak.

Negurako entsalada gai aproposa da, letxugaren aldean gogorra, jateko bezala eguraldi txarrari aurre egin eta etortzeko.

Hostaia lotu edo gainean zapelaren lana egingo duen zerbait jarri eta eguzkia kenduz gero zuriago etorriko da; zuriago, guriago eta alde ederreko fina.

Oinarrizko premiak

Eskarolari eguzkia edo erdi itzala gustatzen zaio. Lur harroa nahi du. Lekadunen baten ondoren etorriko da ondoen. Bestela, ondo ongarritu dugun beste zerbaiten ondoren.

Kontuz simaur berri edota gehiegiarekin, hostaia ikaragarria eman dezake, baina ahula eta usteldurak ekarriko dituzten gaitzen pagotxa izango da, zalantzarik gabe.

Noiz zer lan

Martxotik aurrera hazia erein daiteke. Lehenak, babestutako hazitegi batean. Behin apirila etorrita, baita kanpoan ere. Azkenekoak, neguan jango direnak, udara amaieran erein. Hamar bat zentimetroko landaretxoak aldatu, 35 edo 40 cm-ko tartearekin. Sakon ureztatu eta landare txikia denean, sasoi lehorra bada, ura eman eta eman eta eman...

Uzta

Landarea ipurditik moztu eta osorik biltzen da. Urte osoan izan dezakegu eskarola. Merezi du mota bat baino gehiagorekin saiatzea. Hosto lisoa dutenak, adibidez, gaur egun ia ez dira jaten eta dasta aparta dute.

Gaitzak eta izurriteak

Bare eta barraskiloen erasoa da okerrena. Txikiak jarritakoan zaindu: errautsa, edo karea jarri inguruan. Arrautza azal txikituak tartean zabalduta ere ez dira sartuko. Egun gutxi batzuetan babestea nahikoa da. Hostaia berritzen hasi ordurako aurrera egingo du.

Gaitzetan, gorrina azaldu daiteke. Hezetasun handiegiarekin kontuz.

Nor norekin

Ziklo luzeko landareak jartzean, tartean eskarolak ere ederki etorriko dira: tomate edo alberjinia edo piperra edo babarrun artean. Aza jendea edo errefauen ingurua ere eskertuko du. Baita babarruna, azenarioa, porrua, luzokerra, kuia, ets ilarra ere.

Trikimailuak

Hosto berdeen mikaztasuna arintzeko, zuritzea komeni da. Honetarako argia kendu behar zaio. Bi aukera daude: kanpoko hosto guztiak bildu eta motots bat bezala eginez gainean lotu edo estali. Astebete edo hamar bat egun eduki eta zuri-zuri azalduko dira erdiko hostoak. Eguraldi bustiarekin kontuz egin behar da lan hau, usteldu bai daiteke...

Zenbaitetan, eskarolak moztu eta lurrean geratu den zuztarra berritu egiten da, bigarren uztatxo bat emanez. Hazten utzi eta handiegi egin gabe, txiki-txiki, xamurrak jan.

Uda partean, lehorte handia jasaten badu, tontortzeko joera izan dezake. Ureztatu!