Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Erremolatxa
Izen zientifikoa: Beta vulgaris subsp. conditiva
Zerba basati batetik datoz gaur egun ezagutzen ditugun erremolatxa eta zerba guztiak. Beraz espezie berekoak dira denak, Beta vulgaris, baina azpiespezie desberdinak dira. Sustrai lodiengatik aukeratu eta bereizten joan dira erremolatxak eta hostoagatik zerbak. Erremolatxak hiru multzotan banatzen dira: bazka erremolatxak, azukre erremolatxak eta baratze erremolatxak. Azken hauetaz arituko gara. Ezagunena sustrai gorria duena da, baina badira horiak, zuriztak...

Bi urteko landarea da. Lehen urtean hostaia indartu eta erreserbak eginez sustraia gizentzen du. Hurrengo urtean, erreserba horien bizkar 1,5 m arteko lorea garatu eta haziak emango ditu.

Guk erreserba horiek jan nahi ditugu, sustrai potzoloa.

Oinarrizko premiak

Sustrai lodia handitzeko sustraitxo sare ikaragarria hedatzen du.

Ura atsegin du eta giro freskozalea da, hotzak ez du beldurtzen. Ur eskasia badu, mikaztu egiten da eta kolore gorria saretu, lausotu egin daiteke. Simaur berririk ez du usaindu ere egin nahi. Onena, aurretik beste barazki batentzako ongarritu zen sailean jartzea da.

Noiz zer lan

Goizegi ereinez gero, landarea kaxkarra geratuko da, sustraia osatu ezinik eta tontortu daiteke. Lurra berotu denean erein, martxotik aurrera. Bi hilabetera biltzen hasteko moduan egongo dira. Lurra ongi harrotu. Errenketan edo sail osoan erein daiteke. Errenkak 25-30 cm tartearekin, haziak 3 cm lurperatu. Jaiotakoan bakandu, 10-15 cm utzi tartean.

Tartean lurrari heze eusteko eta belarrik ez izateko inaurkinen bat jarri daiteke: orbela, garoa, belar ondua, lastoa, simaur zahar-zahar lehorra...

Uzta

Gazte direnean jan, bestela mamia zakartu egingo da, zikoizteraino.

Uda partean ere, bero handiak badira sustraia laztu egingo da. Azkar jan. Gerorakoak badira ureztatu.

Gaitzak eta izurriteak

Zorriak eta erremolatxaren euliak izurrite eta mildiua eta antzeko onddoek sortutako gaitzak. Kontuz simaurrarekin, zorriak erakarriko ditu.

Gaitzak ur gehiegiari lotuta etortzen dira, harrotu gabeko lurretan. Zerbaren zerkospora du berea.

Jaio berritan txorien erasoei adi.

Nor norekin

Lagun onak ditu aza jendea, uraza, baba, babarruna, patata eta azenarioa. Ttiki-ttikiak jan daitezkeenez, ziklo luzeagoko landareen artean jarri eta haiek handitzerako jan.

Tipula inguruan badu, bareak ez zaizkio hurbilduko.

Senide duen ziazerba ez du gogoko.

Trikimailuak

Gatza gustatzen zaio lurrean, erein aurretik lurra prestatzerakoan itsasoko gatza gehitu metro karratuko 15 bat gramo.

Sustrai puska ona da, baina baita hostoak ere. Guri-guriak entsaladan edo, hazixeagoak, zerbak bezala prantatuta.

Sustraiak bizkor hazteko era onena hazkunde baketsua eta etenik gabekoa izatea da: lehorterik gabe eta kolperik gabe (jorratzerakoan eta abar).

Zure baratzean negua hotza bada, zakartu egingo dira. Izozteak hasi aurretik atera eta hondar artean jaso toki hotz batean eta negu guztian jan ahal izango dituzu.