Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Brusela aza
Izen zientifikoa: Brassica oleracea var. gemmifera
Bruselan sortua omen da aza hau. Luzatu egiten duen zurtoinaren tontorrean ez du bururik egiten, inguruan hazten dira azatxoak edo kukuluak jaten dira. Gutizia estimatua da. Zurtoina metro betetik gora luza daiteke eta aza nanoak kiribila marraztuz etorriko dira, hosto bakoitzaren oinean. Hedatuena berdea da, baina aldaera ugari dago, eta tartean ubelak, gorriak...

Aza jendea bezala, loriatu besterik ez genuke egin behar. Gaur egun, familia honetako landareak, gurutzedunak, osasunarentzako onenetakoak direla ederki dakigu.

Oinarrizko premiak

Klima epela eta freskoa gogoko du. Toki eguzkitsua eta babesa gustatzen zaio.

Aza jendeak bezala, lur sakona eta aberatsa nahi du. Ongarri organikoa edo simaurra aurrez emana izan behar du lurrak. Simaurra zaharra, ondo egina.

Ur zalea da. Lur asentatua gustatzen zaio: ez aldatu lur irauli edo harrotu berrietan; hilabete batzuk lehenago prestatu lurra. Sakonean simaur asko behar du, baina inoiz ez ondu gabea, gorroto du simaur berria. Nitrogeno gehiegi izanez gero, hosto asko eta azatxo harroak, batere trinkoak ez direnak emango ditu. Lur azidoa ere ez du maite, buztin-lurretan karea edota errautsa eman aldatu aurretik.

Noiz zer lan

Martxoa-maiatza aldera erein. Lau bat hosto dituztenean aldatzeko moduan daude landaretxoak: bezperan ongi ureztatu sustraiak autsi gabe askatzeko eta ahal izanez gero lur puska bat dutela eraman. 60-65 cm-ko tartearekin aldatu. Eguna mozten hasten denean, udan sartu orduko, eta abuztuaren amaiera aldera arte aldatu. Bero handiko garaiak saihestu. Landarea aldatzerakoan lurra ez harrotu. Arin-arin eskuaretu eta belarrak kendu ondoren aldatu. Aitzurraren ordez landagailua erabili: zulo bat egin, lurra lehorra badago zuloa ureztatu, landaretxoa sartu eta landagailuarekin berarekin aldamenetik lurra estutu, ondo estutu. Aldatutakoan inguruko lurra ondo zanpatu eta sakon ureztatu. Hasieran, hazteko sasoian ureztatu. Handitu artean, jorratu, baina lurra harrotu gabe, zopizartzen ariko bagina bezala, landareak lurreztatuz finkatu eta sendotu. Haizeak, izotzak edo dena delakoak dantzan jarritakoak batik bat.

Uzta

Udazkenetik udaberrira arteko barazkia da. Noiz landatzen dugunaren arabera. Jarri eta biltzeko tartea 3 hilabetetik 6 hilabete artekoa izan daiteke.

Hostoak horitzen joango dira, behetik gora, behe-behetik heldu eta tira eginda kendu.

Behe barreneko lehen burutxoak heltzetik goiko azkenekoak ontzera, aste batzuk igaroko dira. Landare bakoitzari bakar batzuk kendu bildualdi bakoitzean. Bukatutakoan goiko burua aza bailitzan baliatu.

Behar ahala bildu. Jaso berritan jandako brusela azak bezalako gozamen gutxi. Nire iritziz, gutxi eginda gozoenak. Ingelesek hala diote: brusela aza mahaian ez bazaizu gustatu, zure errua da.

Azatxoak goitik behera kraskatuz edo labana zorrotz batekin ebakiz kendu.

Gaitzak eta izurriteak

Aza jendearenak berak, baina bere senideak baino askoz ere zailduagoak daude.

Kontuz txoriekin: horma-txoriari bereziki gustatzen zaizkio landare aldatu berriak.

Bareek eta barraskiloek ere triskantza ederrak egiten dituzte landareñoetan.

Azaren sustraietako eulia eta, batez ere harra. Azken honek ikaragarrizko txikizioak egiten ditu, batez ere itsasaldeko sailetan eta uda bero lehorretan. Azak erasotzen dituen harra, tximeleta zurizta batek jartzen dituen arrautzetatik dator. Hori-laranja kolorekoak dira hauek. Zaindu eta hostoetan zuloak ikusten hasi ordurako “Bacyllus thuringiensis 24” sendabide naturala erabili. Gutxi diren artean eskuz zanpatuz ere arrastoan sartuta ederki eutsiko dituzu.

Gaitzetan mildiua, zurina eta enborreko hernia.

Nor norekin

Arazo berak dituztenez... aza jendearen koadrila:

Eulia eta harraren tximeleta uxatzeko aldamenean jarri, edo hauek egon diren tokia baliatu: kamamila, erromeroa, salbia, ezkaia, menta, baba, ilarra eta apioa.

Babarrun motzaren artean aldatu. Lurra nitrogenoz aberastuko du eta azaloreak ederki baliatuko du. Babarruna kentzean nahikoa toki geratuko zaio hotzen aurretik hazteko.

Marrubiekin, tipulekin, baratxuriekin eta gainontzeko aza jendearekin ez dira ondo moldatzen...

Trikimailuak

Izotzak pasatako aleak gozoagoak direla esan ohi da.

Tarte handiarekin aldatuz gero, azatxo handiagoak emango dituzte eta gaitz gutxiago izango dute. Estuago jarrita, azatxo txikiagoak eta bateratsu helduko direnak emango dituzte.

Berandu baino azkarxeago aldatu Brusela aza. Abuztuan baino uztailean hobe. Udazken amaierarako indarra hartua behar du, bestela ez du uzta handirik emango.

Haizeteen beldur bazara, zalantzarik ez izan: arbatu. Ez zara damutuko.

Azatxoak azkarrago heltzeko, batzuk tontorreko hosto buru harroa mozteko ohitura dute. Zure esku: saiatu ea zer emaitza jasotzen duzun...

Aldatzerakoan buztina, simaur apur bat eta ura nahastuta egindako lokatzetan busti sustraiak, alde ederrean itsatsiko da.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-06-30 | Jakoba Errekondo

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu

+ gehiago irakurri
2014-11-16 | Jakoba Errekondo

Baratzeko gurutzedun landareek arerio salo edo jatunak dituzte. Familia horretako ezagunenak aza jendea, Brusela aza, azalorea, brokolia eta erromaneskua dira, Brassica generokoak, alegia. Landare horiek osasunerako oso onak

+ gehiago irakurri