Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Brokolia
Izen zientifikoa: Brassica oleracea var. italica
Azaloreari bezala, brokoliari ere lorea jaten diogu: lorea izango dena, erabat garatu gabe dagoenean, moztu eta jaten da. Beraz, azalorea bezala “loratzea” komeni zaigu. Baina azalorearen “burua” endurtua, atrofiatua dago eta ez du lorerik emango; brokoliarenak, aldiz, bai. Italiarrek, aukeratuz eta aukeratuz, sortutako aldaera da. Lore multzoak hartzen duen zuhaitz itxuratik datorkio brokoli izena. Ezagunena berde iluna da, baina badira zuriak, moreak...

Aza jendea bezala, loriatu besterik ez genuke egin behar. Gaur egun, familia honetako landareak, gurutzedunak, osasunarentzako onenetakoak direla ederki dakigu. Eta, diotenez, brokolia da gorena.

Oinarrizko premiak

Lur sakona eta aberatsa nahi du. Ur zalea da. Lehorte batek edo behar adina janari ez izateak lan guztia zapuztu dezake. Toki asko behar du, eta gogoratu: eguzkizale amorratua da. Aza jendeari bezala, lur asentatua gustatzen zaio: ez aldatu lur irauli edo harrotu berrietan; hilabete batzuk lehenago prestatu lurra. Sakonean simaur asko behar du, baina inoiz ez ondu gabea, gorroto dute simaur berria. Nitrogeno gehiegi izanez gero hotzarekin arazo gehiago eta hostaje belaxka izango du. Lur azidoa ere ez du maite, karea edota errautsa eman aldatu aurretik.

Noiz zer lan

Udarako brokolia egiteko:

Martxoan erein: haziak zentimetro bat lurpean sartu, zanpatu eta ureztatu. 8-10 cm tartea utziaz landaretxoak bakandu. Apirilean zehar, zaildu, kanpoko girora ohituz. Maiatzean aldatu: sakon sartu landarea, lehen hostoetaraino lurperatu, errenkada batetik bestera 70 cm eta landare artean 60 cm, ingurua zanpatu eta ureztatu.

Udazken-neguko brokolia egiteko:

Maiatza-ekainean erein. Haziak zentimetro bat lurpean sartu, zanpatu eta ureztatu. Bi edo hiru ereinaldi egin ditzakegu, uzta luzatzeko. Bakandu. Ekainetik abuztua artean aldatu: 4-5 hosto dituztenean, udarakoekin egin den bezala.

 

Landaketarako bero handiko garaiak saihestu. Lurra ez harrotu; arin-arin eskuaretu eta belarrak kendu ondoren aldatu. Aitzurraren ordez landagailua erabili: zulo bat egin, lurra lehorra badago zuloa ureztatu, landaretxoa sartu eta landagailuarekin berarekin aldamenetik lurra estutu, ondo estutu. Aldatutakoan inguruko lurra ondo zanpatu eta sakon ureztatu. Handitu artean, jorratu, baina lurra harrotu gabe, zopizartzen ariko bagina bezala, landareak lurreztatuz finkatu eta sendotu.

Negua latza bada, babestu: oihala edo antzeko zerbaitekin estali.

Uzta

Bildu eta ahal den azkarren jan behar da. Bestela, lorea garatuko du. Buru nagusia moztutakoan, azpiragotik burutxo berriak emango ditu.

Buruak azaltzen hasi ordurako biltzen hasi. Honela bigarren buruak segidan etorriko dira.

Ez itxaron buruak handitu arte, orduan buru tinkoak askatu eta harrotzen hasiko dira.

Uzta handia bada, ez zakartzen utzi, hona bi aukera: 1.- sustraitik oso-osorik atera, lurra astindu eta buruz behera zintzilikatuta, tarteka urarekin ihinztatuz gero hilabete ere iraun dezakete. 2.-izoztuta jaso: zati tinkoenak aukeratu, puskatan ebaki, 3 minutuz irakin, lehortu eta poltsatan izozkailura.

Gaitzak eta izurriteak

Aza jendearenak berak.

Kontuz txoriekin: horma-txoriari bereziki gustatzen zaizkio landare aldatu berriak, eta loretarako buruak usoei...

Bareek eta barraskiloek ere triskantza ederrak egiten dituzte landareñoetan.

Azaren sustraietako eulia eta, batez ere harra. Azken honek ikaragarrizko txikizioak egiten ditu, batez ere itsasaldeko sailetan eta uda bero lehorretan. Azak erasotzen duen harra, tximeleta zurizta batek jartzen dituen arrautzetatik dator. Hori-laranja kolorekoak dira hauek. Zaindu eta hostoetan zuloak ikusten hasi ordurako “Bacyllus thuringiensis 24” sendabide naturala erabili. Gutxi diren artean eskuz zanpatuz ere arrastoan sartuta ederki eutsiko dituzu.

Gaitzetan mildiua eta enborreko hernia.

Nor norekin

Arazo berak dituztenez... aza jendearen koadrila:

Eulia eta harraren tximeleta uxatzeko inguruan jarri kamamila, erromeroa, salbia, ezkaia, menta, baba, ilarra eta apioa.

Ez marrubirik ez errefaurik ez tipula ez baratxuririk ez du nahi aldamenean.

Lagun minak ditu luzokerra, tomatea eta erremolatxa.

Trikimailuak

Buru nagusia moztuta. Landarea kendu beharrik ez dago. Bertan utzi eta, aste gutxi barru, saihetsean burutxo berriak emango ditu.

Aldatzerakoan buztina, simaur apur bat eta ura nahastuta egindako lokatzetan busti sustraiak, alde ederrean itsatsiko da.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-06-30 | Jakoba Errekondo

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu

+ gehiago irakurri
2014-11-16 | Jakoba Errekondo

Baratzeko gurutzedun landareek arerio salo edo jatunak dituzte. Familia horretako ezagunenak aza jendea, Brusela aza, azalorea, brokolia eta erromaneskua dira, Brassica generokoak, alegia. Landare horiek osasunerako oso onak

+ gehiago irakurri