Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Borraja
Izen zientifikoa: Borrago officinalis
Borraja landare basa da, lurgorri, eremu landugabe eta alfer lurretan. Bide bazter lehorretan udaberrian, bere lore urdinak erraz antzematen dira. Ez da barra-barra jaten den barazki horietakoa, baina saiatzeak merezi du. Mediterraneo inguruan aspalditik ezaguna bada ere, ia Europa osoan luxuzko barazkitzat dute. Hostoa jaten zaio borrajari, hobe esanda hostoaren txortena. Txortenari, jan aurretik, azaleko hari zakarrak kendu egiten zaizkio. Hostoak oin batetik sortzen dira, eta txorten luze, mamitsu eta ile zakarrez jositako banak eusten ditu. Landare osoa da iletsua, eta eskura latza. Hosto hauen artetik lorearen gara luzatuko da, beste hosto txikiago batzuekin eta muturrean loreak emanez. Loreak urdinak edo gorriztak dira aldaera basatietan eta baratzekoetan zuriak. Azken hauek, txorteneko hariak meheagoak dituzte

Oinarrizko premiak

Lur sendoak eta hezeak atsegin ditu. Erdi itzaletan ongi etortzen bada ere gozoenak eguzkitan hazten dira.

Ez du aparteko premiarik. Simaurrik ez du behar. Lantzen oso erraza da. Baratze bazter batean betirako borrajarentzako izango den txoko bat aukeratu behar da: hesiren baten aldamenean, arrosen azpian... Ale batzuk aldatu eta hortik aurrera bera bakarrik zabalduko da. Landare guztia kentzen ez badugu, hau da, uzta hostoz hosto egiten badugu, loratuko da eta hortik etorritako haziek landare berriak emango dituzte.

Noiz zer lan

Martxotik aurrera, ekaina aldera arte, borrajarentzako aukeratu dugun tokian hazia erein. Arin-arin estali eta ureztatu. Laster azalduko da. Nahi izanez gero bakandu. Errenketan ere egin daiteke, 40 cm tartea eman eta batetik bestera 20-25 cm. Betirako izango den txokoan hazitik etorri eta bakantzerakoan kendutakoak errenkan jarri daitezke. Txokokoak hostoz hosto jateko, eta errenketakoak osorik ateratzeko.

Hazia erein nahi ez badugu, landarea aldatu.

Negu hotza bada, landareen inguruan simaur berria jarri. Honek irakinaldian askatuko duen beroak ederki babestuko du.

Uzta

Lorearen gara behetik gora abiatu aurretik biltzen dira hostoak. Baratze saila hustu nahi badugu, landarea oso-osorik atera. Borrajari bertan eutsi nahi badiogu, etengabe hazia eman eta berrituz, hostoz-hosto bildu beharko dugu, hauetako batzuk utziz, hazirainoko bidea egin dezan.

Gaitzak eta izurriteak

Ez du arerio berezirik.

Nor norekin

Bareak uxatzen dituelako ezaguna da borraja.

Ziazerbak edo espinakak, marrubiak eta aza jendeak bere konpainia eskertzen dute.

Polinizazio zaila duten landareen ondoan jarri: tomatea, kuia...

Tomate tartean jarrita, harra sortuko duen tximeleta datorrenean nahasi eta borrajan jartzen ditu arrautzak. Tomateari hobeto hazten eta dasta gozoagoko aleak ematen laguntzen diola dioenik ere bada.

Trikimailuak

Borrajaren loreak dotoreak dira. Erleek eta bestelako intsektuek estimu handian dituzte. Polinizatzaileok gure baratzera erakartzeko era ona, eta fruitua eman behar duten barazkiek eskertuko dute. Lore hauek ikusteagatik soilik merezi du baratzean izatea. Baratze guztietan beharko luke, jan edo ez, borrajarentzako txoko bat.

Txortenak garbitu, ileak eta hari zakarrenak kendu eta egosita jan ohi dira. Hostoak arrautzeztatu eta frijituta edo berrienak entsaladan, adibidez. Lorea, entsaladak edo edozein jaki osatzeko dotorea eta goxoa da. Gin-toniken batean ere ikusi izan dut...

Ukendu afrodisiakoak, ardoari hostoak eta loreak erantsi dopante bihurtzeko... denetatik egin behar izan du borrajak.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-09-08 | Jakoba Errekondo

Baratzerik ba al duzu? Umetan etxean ezagutu ditudan bi baratzeek murria zuten, horma, alegia. Batek buelta osoan, alde bakarrean besteak. Murriak ondo erabilita, baratzeak mesede galanta izango du. Babesgunea sortuko du:

+ gehiago irakurri
2014-05-18 | Jakoba Errekondo

“Akazia lore, antxoa urre” esaerari adi, lagun koadrilatxo bat urtero bildu ohi gara udaberriaren bihotzari gorazarre otorduan. Arrautzetan pasata, antxoa eta sasi-akazia lorea (Robinia pseudoacacia), sasoiko

+ gehiago irakurri