Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Baba
Izen zientifikoa: Vicia faba
Itxuraz, Afrika eta Asia aldetik dator. Lagun zaharra dugu baba, bere arrasto zaharrenak ia 9.000 urte dituzte, eta duela 3.000 urte inguru Europa guztian jaten zen. Makina bat baba janak izango gara euskaldunak ere. Ondo etxekoa dugu, berari lotutako esaera mordoari begiratu besterik ez. Bat aipatzekotan “babalorea”, era berean babo handiena eta neskatila politena adierazi ditzakeen hitza.

Lekadunen familiakoa da baba. Ohikoena leka barruan datorren baba alea jatea da, bai berdetan, guri-guria denean, baita lehortuta ere, eltzekari gisa.

Baba aldaera asko dago, hiru multzotan banatuta:

  • Mando-baba, ale ertainekoa eta lehortuta aziendari ematen zaiona.

  • Baba handia, udaberrian leka eta alea lehortu aurretik jaten da. Alea lehortuta ere jan izan da.

  • Baba txikia, ale txikia du, lehortuta eltzekaria da, txuria eta beltza bereizten dira.

Baratzean baba handia egiten da eta hemen honi helduko diogu. Besteak sorokoak dira.

Oinarrizko premiak

Erraz etortzen da eta ez dizu lan handirik emango. Sustraiak sakon luzatzen ditu, lur gainean ikusten duguna baino luzeago. Lekadun guztiek bezala, sustraietan bakterio batzuk hartzen dituzte apopilo, hauek aireko nitrogenoa hartu eta lurrera ekartzen dute. Beraz, babak ez du nitrogenodun ongarririk behar, kontuz, bada, simaurrarekin. Gainera, lurra nitrogenoz aberastuta utziko duenez, bere ondoren hostoa aprobetxatu diogun barazkiren bat jarri, nitrogeno hori balia dezan. Arrazoi beragatik, lekadun baten ondoren beste lekadun bat ez jarri sail horretan.

Geurea bezalako klima epela dagoen tokietan ederki hazten da, zenbat eta itsasoa alderago orduan eta gusturago. Ura behar du, urtean 750 l ur baino gehiago egiten duen tokiak gustatzen zaiozkiola esan ohi da.

Erdi itzaletan ere ongi etortzen da, eta hotzarekin ez du sufrituko (-5º c aldera arte, lasai). Buztin-lurretan ere haziko da, baina karea edo errautsa emanda pHa neutro aldera eramaten badugu, alde ederrean etorriko da.

Noiz zer lan

Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean ziztuan etorriko dira.

Errenka batetik bestera 50-60 cm tartea utzi. Hazia errenkan denean botaz gero 8-10cm tartea aletik alera eta zuloka eginez gero, zulotik zulora 25 bat cm eta bakoitzean hiru ale erein. 3-5 cm sakon sartu. Bigarren astean jaioko dira. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, ez etzateko hesolatxo batzuk eta soka batzuekin eustea komeni da.

Uzta

Udaberrian izan ohi da. Udazkenean ereindakoak apirila aldera hasten dira. Otsailean ereindakoek maiatza ekainean emango dute leka.

Bildualdi bat baino gehiago egin beharko dira. Txiki xamarrak direnean biltzea onena, honela lore eta leka gehiago hazteko aukera izango du. Leka barruan itsasteko lekak daukan orbaintxoa kolore argikoa izatea komeni da, iluntzen denean alea zakartuta dago. Guraizez moztu edo eskuarekin, bihurrituaz, beheranzko tiraldi azkar batez.

Asko badituzu, irakinalditxo bat eman eta izoztuta jaso.

Gaitzak eta izurriteak

Ereindakoan argi bele, eskinoso, arratoi eta tankerakoekin, aleak bilatu eta jaten iaioak dira.

Zorri beltza da baba landarearen arerio nagusia. Landarearen goiko kimua erasotzen du. Lehen baba lekak azaldu ordurako bertan badaude kendu kimua eta bertan erre. Zorriak desagertuko dira eta uzta azkartu. Goiz azaldu bada zorria xaboiarekin egin tratamendua. Baba landarea ihartzen hasten denean zorri beltza aldameneko landareetara joango da, lekak eta abar, baratzea josiz. Beraz azken babak bildu ahala landareak moztu eta bertan erre. Zorritik garbi badago, ongarri oso ona da: txikitu eta lurrean sartu edo konposta pilari eman.

Nor norekin

Aza jendeak gustuko du, eta orokorrean hostoa jaten diogun guztiari mesede egiten dio. Ondo konpontzen da patata, apioa, letxuga eta orburuarekin.

Tipula eta baratxuriarekin ez da moldatzen.

Ziazerba ere laguna du, zorriak uxatzen dizkio.

Trikimailuak

Mahaian lekak bezala, edo su bizian erregosita, baba leka eta guzti dastatu...

Landare petral samarra da, ez zaio jorraldirik egitea gustatzen. Belarrak eskuz kentzea hobe.

Baldarra ere bada, nahiz eta arbatu. Hobe duzu errenka luze gutxi jarri, motz eta askoko saila baino. Nik, asko jota hiru errenka jarriko nituzke, biltzeko lana erraztuko dizu.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-11-24 | Jakoba Errekondo

Uztarriak herrestan narra bezala, neguko giroa dakar kurrilo lainoak atzean. Kurrilo lerroak zeruan sentitzean, buila batean, hotza zetorrela esaten ziguten umetan. Kurrilo pasea entzungarria da, builaka, elkarri errietan

+ gehiago irakurri
2016-06-12 | Jakoba Errekondo

Udaberriroko eztabaida: zer da goxoena, ilarra (Pisum sativum) edo baba handia (Vicia faba)? Nik zalantzarik ez dut: baba handia. Tipulin batekin olio pittin batean erdi erreta, a zer luxua! Felix lagunak patatekin (Solanum

+ gehiago irakurri
2016-01-24 | Jakoba Errekondo

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari

+ gehiago irakurri
2015-10-11 | Jakoba Errekondo

Belar bat txarra dela diogunean zer esan nahi dugu? Nik argi daukat: erabilera egokirik ez diogu aurkitu oraindik. Hori gertatzen zaio barrabas-belarrari, Oxalis latifolia. Ez da polita, ez da jaten, ez da sendagai, ez da

+ gehiago irakurri
2014-05-18 | Jakoba Errekondo

“Akazia lore, antxoa urre” esaerari adi, lagun koadrilatxo bat urtero bildu ohi gara udaberriaren bihotzari gorazarre otorduan. Arrautzetan pasata, antxoa eta sasi-akazia lorea (Robinia pseudoacacia), sasoiko

+ gehiago irakurri
Zurea bidali