Akazia lore, antxoa urre

Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Apioa
Izen zientifikoa: Apium graveolens var. dulce
Bi urteko landarea da: lehenengoan hazi eta hurrengoan loratu eta fruitua eta hazia eman. “Apium” izena zelterako “apon” hitzetik dator eta ura esan nahi du; “graveolens” hitzak urrin bizikoa dela. Ederki adierazten dute apioaren berri: lur urtsuetakoa da eta bere usaina eta zaporea ditugu gustuko. Batez ere bere zuztarrak jaten dira, zurituta dasta fin, gozo eta urrintsua hartzen baitute. Zopa, eltzekari, saltsa eta abarretan saioak egin, ez zara damutuko. Hostoak ere gero eta gehiago jaten dira gordinik. Haziak ere espezia gisa erabiltzen dira.

Oinarrizko premiak

Toki fresko eta epelen zalea da. Ura gustatzen zaio, lurra ez dadila lehortu, baina etengabe urasetutako lurrean ito egingo da. 15-20º arteko tenperatura du egokiena, beraz gure isuri atlatiakoan ederki etortzen da. Lur oparoa eskatzen du eta pH azidoa ez zaio gustatzen, beraz: ondo simaurtu eta karetutako lurrean jarri. Ondo ondu gabeko simaurra gorrotatzen du.

Noiz zer lan

Udaberrian, apiriletik eta ekainera artean, erein. Hazia ez estali, argia behar du eta ernetzeko. Hosto pare bat duenean, ontzietan aldatu. 5-6 hosto dituenean baratzera.

Garai batean zanga-zulo bat, erreten bat egiten zen lurrean (30 cm sakon / 45 cm zabal). Azpian simaur mordo bat jarri, lur pixka batekin estali eta hantxe aldatu, 20-25 cm-ko tartearekin. Abuztua-iraila aldera, zuztarrak egunkari papera edo kartoiarekin bildu eta lotu. Eta pixkanaka lurreztatu. 2-3 astetik behin lur pixka bat gehiago, hostoak bakarrik ikusten direla geratu arte. Kontuz, landarearen bihotzera ez dadila lurrik sartu. Jendeak gero eta gutxiago egiten du lan hau. Papera edo kartoia jarri eta lixto! Batzuk plastikoa ere jartzen dute, baina landareak izerditu egingo du... Nik papera nahiago. Plastikozko tutuak, hodiak... denetatik ikusten da.

Helburua ez da zuritze soila, landarearen urrin eta dasta min indartsuak fintzea eta gozatzea baizik.

Uda lehorra bada maiz ureztatu. Azpiak egin, tarteak garbi egongo dira eta urari luzeago eutsiko dio lurrak.

Neguan hotz handien beldur bagara, inaurkinez estali.

Orain berez zuritzen diren aldaerak badaude. Ez dago lan hau hartu beharrik, baina emaitza ezta, inondik ere, bera. Dasta ahulagoa eta ez dira hain kurruskatsuak. Hotzarekiko patalagoak dira. Errazagoak baina... Hauek lurgainean aldatzen dira eta multzoan, batetik bestera 15 cm inguru utziz. Hauek ur gehiago behar dute.

Uzta

Abuztuan bertan jaten has gaitezke, hurrengo urtean tontortzera, garatzera jotzen duen arte. Lurpean ditugunak laiarekin edo lauhortzarekin atera.

Gaitzak eta izurriteak

Bare gogaikarriak dira apioaren arazo handiena, ttikiak direnean etengabe zaindu. Azenarioaren euliak ere erasotzen du. Gaitzetan: mildiua, gorrina eta sustraien usteldura.

Nor norekin

Gurutzedunen ondoan jarri -aza, azalorea, brusela aza...- hauen harra dakarren tximeleta uxatzen du.

Azalorearekin bereziki ongi moldatzen da, lurreko jakiak egoki elkarbanatu eta bakarka baino hobeto hazten dira.

Gustuko ditu tomateak, babarrunak, lekak, ziazerbak eta ilarrak, porruak...

Jarri berritan, tartean eskarolak, urazak...

Trikimailuak

Erdi itzaletan ere ederki etorriko da.

Ale batzuk loratzen utzi. Intsektu laguntzaileak erakartzen ditu. Baratzearen txoko batean beti eduki beharko genuke apio landare koadrilatxoa.

Neguan baratzetik kendu nahi baditugu, oso-osorik atera eta hondarretan aldatuta toki ilun eta fresko batean ederki iraungo dute.

Erlazionatutako jakingaiak

2015-03-08 | Jakoba Errekondo

Aurten sekula baino har gehiago ikusi dut porruetan (Allium porrum) barrena. Acrolepiopsis assectella izena duen har ttiki txatxu batek porruaren bihotzean zulobidea egiteko ohitura du. Porrua begi bakarreko landarea da;

+ gehiago irakurri
2014-05-25 | Jakoba Errekondo

Malus x domestica, sagarrondoaren loraldiak udaberria erdiz erdi harrapatzen duenean, inguruan dituen loratzeen prozesioa ez da amaitu: etxekoa duen irasagarrondoa (Cydonia oblonga), garikota (Silene vulgaris) eta haren

+ gehiago irakurri