Asteroko buletina
Basabehixek esan auen, arran bete lasto Santo Domingo pasau arte gordetako (maiatzaren hamabia).

Landarepedia

Baratxuria

Allium sativum

[Jakoba Errekondo]

Baratxuriak duen ospe onaren hedapena ez du landare askok. Milaka urte dira landatzen dela. Eta landatzeak aukeratzea, hobetzea... dakar. Buruaren tamaina, usaina, iraunkortasuna, dasta... helburu desberdin askoren arabera egiten dira aukeraketak. Honen ondorioz baratxuri mota asko dago, asko! Hala ere antzua da baratxuria. Ez du hazirik ematen, eta ugaltzeko baratxuriaren buruko begia erabiltzen dugu. Hau da, begiak bere ama zen buruaren berdin-berdina den beste bat emango du. Klon bat da. Mutazioren bat gertatzen ez den artean beti berdina izango da. Landatzearen landatzeaz lorea endurtzen, atrofiatzen ari zaio. Tontortzen edo garatzen denean, loreen ordez baratxuri txikiak ematen ditu.
“Sativum” abizenak (“seminativum” laburtua) horixe esan nahi du, landatutakoa dela. Itxuraz, Allium izena “All” hitz zeltatik dator eta mina, bizia, pikantea esan nahi omen du.
Burua eta begiak biltzen dituen azalaren kolorearen arabera, hiru multzotan banatzen dira: zuriak, arrosak eta gorriak. Zuriak ohikoenak dira, ongi egokitzen dira eta iraupen onea dute. Arrosak begi gehiago eta txikiagoak ematen ditu eta gutxi irauten duenez, batez ere freskotan jateko jartzen da. Gorriak buru handiagoa egiten du, esentziatan aberatsagoa eta iraupen luzekoa da.

 

Oinarrizko premiak

Lur hondartsua, sakona, urak erraz alde egiten duena, kare gutxi duena eta organiko-simaur gutxi duena gustatzen zaio... Azken hau ez ahaztu: simaurra aurreko landareari emana, zaharra eta tamainan! Eta hotz handia egiten duen tokia. Hotzak eransten dio bere min goxo hori. Ez da gure Euskal Herri hezeko lurretarako barazkia. Ikaragarri gustatzen zaigu, ordea, eta jarri egin behar... Ohikoa da, beraz, landare honekin ez asmatzea, eta emaitza kaskarrak izatea.
Sustraiak, sortan, 50 cm baino luzeago hazten dira, hau da, landare handiagoa dago lurpean gainean baino.

 

Noiz zer lan

Udazkenean hasi eta udaberrira arte erein daiteke. Udazkenean jarritakoak urte osoan irauteko buru lehorra egiteko izango dira. Azaroa da garai aipatuena. Buru ona osatzeko hotzaldi on bat behar du.. Begiaren muinak ernatuta egon behar du, zentimetro pare bat zilduta. Burua halako bi sartu behar da lurrean, 4-6 cm, erne-muina gorantz duela. 20-25 cm tartea duten errenketan jartzen da, batetik bestera 10-12 cm utziz. Jorraldiren bat eman, belarrak kendu eta eguzkia lurreraino sartu eta berotu dezan. Bildu aurrean, uda euritsua bada, buruei azpijana egin eta lurretik harrotu, ez usteltzeko.
Neguan eta udaberria jarritakoak, aldiz, baratxuri berri bezala freskotan jateko izango dira, bururik gabe, landaretxo guztia baliatzen delarik. Honetarako baratxuria ernatzen hasita egotea da onena. Hezetasunari ihes egiteko, ildo bizkar edo menditxo luze bat egin. Tontorrean eta bi aldeetako penditzetan erein daiteke. Burua osorik edo aleka. Buruan 20 cm inguruko tartearekin eta aleak 5 cm banatuta. Elkarrengandik gertu egonda landare luzeagoak eta xamurragoak sortuko dituzte.

 

Uzta

Udan hostaia horitzen hasten denean laia baten laguntzaz atera. Ez utzi erabat ihartzen, alferrik galtzeko arriskua dago eta iraupen motzagoa izango dute. Eguzkitan lehortzen utzi edo aterperen batean. Aireberritzen den toki hotz eta lehorrean jaso behar dira; argitasunik sartzen ez dena bada hobe. Korda eginda edo sarezko zaku batean, baina zintzilik.
Baratxuri berria biltzerakoan bi aukera ditugu: palatxo batekin sustrai eta guzti oso-osorik, edo lurraren gainean moztu. Moztuta landarea berritu egingo da, bigarren uzta emanez.

 

Gaitzak eta izurriteak

Hemen nahikoa hotza egiten ez duenez, agian baratxuriak berezkoa duen mintasun hori ematen duten osagairik gabe, gaitzei aurre egiteko gai ez da. Hemen behintzat, hezetasunari lotutako onddoek sortzen dituzten gaitzek ederki larrutzen dute: herdoila denetan nabarmenena, baina ez bakarra.

 

Nor norekin

Aurreko urtean tipulak jarritako tokian ez jarri baratxuririk.
Baratxuriak zorriak estu hartzen ditu, beraz, ea noren aldamenean jarri nahi duzun: uraza, mihilua, zerba, marrubia, erremolatxa, patata, tomatea...
Ilarraren, babaren, babarrunaren eta lekaren ondoan ez jarri.

 

Trikimailuak

Gurean arazoa lur buztintsu hezea denez, aldatu aurretik ildo bizkarrak, muino bizkarrak edo tontor luzeak egin, eta haien gailurrean eta alboetan jarri.
Hezetasunari ihes egiteko ahalegin guztiak onak dira: eguzki begia aukeratu, aldapatxoa, errenkak iparra-hegoa lerroan, hondarra edo mausarra nahasi lurrari...
Begia lurrean jartzen dugunean ez zanpatu, sustraiak errazago hedatuko dira.
Biltzeko gutxi falta denean, ekaina aldera, landarea zanpatu edo ondoan dauden hirunaka edo launaka korapilatu egiten dituzte zenbaitek. Burua handitu egiten omen da.
Tarteka landarearen gainean errautsa zabaldu. Gaitzei aurre egiten laguntzen dio.

Allium izena "all" zeltatik dator; mina, bizia eta pikantea esan nahi du. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora