Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik.

Landarepedia

Babarruna

Phaseolus vulgaris

[Jakoba Errekondo]

Urrutitik akerritakoa dugu babarruna, Ameriketatik, edo Indietatik. Horra urruneko baba edo indaba. Edo baba gorria. Baba jaten zen lurretara ekarri zuten XVI. mendearen hasieran.
Isuri atlantikoko euskaldunoi azken lau mendeetan gosea kendu digun hirutasuna ekarri zuten, handik kopiatuta: artoa + babarruna + kuia. Gure lurrean sor daitekeen mozkin onena, kopuruz zein kalitatez, ematen du. Artoak babarrunari igotzeko zuztarra eta alea fina izateko itzala ematen dizkio; babarrunak lurrean nitrogenoa pilatzen du, artoak eta kuiak ederki baliatuko dutena; kuiak zirrikituak estaliko ditu. Hiruren artean negurako nahikoa jaki sortzen dute.
Bi multzotako babarrunak landu ohi dira: arbatzekoak eta motzak. Arbatzekoak hiru metro eta gehiago luza daitekeen aihena ematen du, eskubiz aurrera (destrogiroa, ordulariaren orratzen kontra) jiratuz hazten dena eta hazi ahala beheko aldea zurtoin gogor bihurtzen dena. Motzak metro erdi inguru altxatzen dira, tente. Arbatu beharrik gabe, erraza. Motz txuriak oso aldaera onak dira leka barruko alea ezko eta heze dagoenean jateko: “Potxa” edo babarrun zuri berria da, gutizietan finenetakoa.
Leka barruko aleen forma eta kolore aukera bezalakoa da horiek ematen dituzte loreena ere.

 

Oinarrizko premiak

Lekadun guztiek bezala, sustraietan bakterio batzuk hartzen dituzte apopilo, hauek aireko nitrogenoa hartu eta lurrera ekartzen dute. Beraz, babak ez du nitrogenodun ongarririk behar, kontuz, bada, simaurrarekin. Gainera, lurra nitrogenoz aberastuta utziko duenez, bere ondoren hostoa aprobetxatu diogun barazkiren bat jarri, nitrogeno hori balia dezan. Arrazoi beragatik, lekadun baten ondoren beste lekadun bat ez jarri sail horretan.
Geurea bezalako klima epela dagoen tokietan ederki hazten da, ez dizu lan handirik emango. Lur hotzean ez da ernatzen, beroa gustatzen zaio, zurtoinean eguzkia hartzea atsegin du.
Buztin-lurretan karea edo errautsa eman, pHa neutro aldera eraman behar da. Lur itoetan asko sufritzen du eta gaitzek kupidarik gabe erasotzen dute. Baina, lehortea ere ez du maite.
Maiatza aldera arte itxaron arbatzekoa ereiteko. Urria aldera jasoko dugu. Motza, aldiz, maiatzetik uztailera artean erein, hilabete pare batera jasotzeko.

 

Noiz zer lan

Udaren bukaeran edo udazkenaren hasieran biltzeko egiten da babarruna.
Arbatzekoa, maiatza edo ekaina hasieran erein. Arba, makila edo parda jartzeko, errenka batetik bestera 70-90 cm tartea utzi, eta zulotik zulora 50 cm. Zuloko 4-7 ale bota. Jaio bezain pronto arbatu. Sarea jartzez gero, errenkatik errenkara 1-1’5 m utzi, eta errenka osoan erein edo 20-25 cm tartearekin zuloka, bina edo hiruna ale. 3-5 cm sakon sartu.
Motza ereiteko tartea, errenken artean 60-70 cm eta zuloen artean 40-50cm. Zuloko 4-6 ale jarri.
Bigarren astean jaioko dira. 15-20cm inguru hazi denean, jorratu eta landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Jorraldiak azalekoa izan behar du. Sustraiak hortxe ditu eta kaltetu daitezke.

 

Uzta

Motzak, uztailetik urrira. Hasieran, berriak edo “potxak”, leka berdea larutzen hasi ahala, eta gero lehortuta. Lekak ihartutakoan landarea ipurditik atera, sustraietako lurra astindu eta buruz behera zintzilikatzen dira.
Arbakoak irailetik azaroa artean. Behetik gora ihartzen dira lekak eta jeneralean bi edo hiru bildualdi egiten dira. Bildu berritan, ondo lehortzeko, egun batzuetan lekak eguzkitan jartzea komeni da. Lekak bere horretan jaso eta bera askatzen hasten denean aletu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Kontuz bareekin eta barraskiloekin, landare jaio berrietan sarraski ederra egin dezakete.
Zorri beltza etorri daiteke, udaberrian baba landareetan ian bada batez ere, edo udaran inguruan lekak baldin badaude. Goiz azaldu bada xaboiarekin egin tratamendua.
Lur itoetan, harrotu eta karetu gabekoetan, lepotik gora eta behera zabaltzen diren usteldurak jo dezakete, hezetasunarekin eta landarea erdipurdi egotearekin oparo hedatzen diren gaitzak. Gorrina edo herdoilaren kuadrillakoak dira. Nitrogeno gehiegi bada ere gaitza ur aparretan haziko da.

Nor norekin

Lurra nitrogenoz aberasten dutenez lagun koadrila handia dute. Orokorrean hostoa jaten diogun guztiari mesede egiten dio. Ondo konpontzen da, besteak beste, aza jendea, artoa, azenarioa, kuia, kuiatxoa, marrubia, luzokerra, espinaka, meloia, patata, perrexila, apioa, uraza, alberjinia, tomatea eta orburuarekin.
Tipula, baratxuria, porrua eta mihilua ez ditu gustuko.

 

Trikimailuak

Gure amona Joxepa zenak esaten zuen babarrun motzak Santioetarako (uztailak 25) bi hostotan egon behar duela, hau da, uztailaren bigarren astea aldera erein behar dela.
Babarrun zuri berriak edo “potxak” goiz jan nahi badituzu askoz lehenago ere egin daitezke, maiatzaren amaieran, adibidez.
Babarrun finena artotan egiten dela esan ohi da. Artoaren itzaletan hazten da leka eta ez eguzki zakarretan, azal fineko alea haziz.
Babarrunaren hostoa ere barazki gisa jaten da. Probatzera ausartu!
Babarrun ale lehorra, zomorroak jo ez dezan 12 º C-tik behera eduko behar da. Edo, gero jasotzeko erabiliko dugun ontzian itxita izoztu, eta ireki gabe jaso.

 

Babarrun motzak Santio egunerako, uztailak 25, bi hostotan egon behar du. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Testosterona behera
2021-12-23 | Jakoba Errekondo
Testosterona gehiegi duen jendarte batean bizi gara. Feminizidio etengabea, muskulu masa erraldoiak erakusten dituen jendearen emana, oldarkortasuna eta diktadoreen pare barrabilak mahai gainean jarrita erabakiak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora