Asteroko buletina
Buruileko euriek mahastia ontzen.

Landarepedia

Azenarioa

Daucus carota subsp. sativus

[Jakoba Errekondo]

Euskal Herrian, mendian dugu azenario basaka, Daucus carota. Berez, urte batean hazi eta sustraietan erreserbak pilatzeko gaitasuna du, hauen bizkar hurrengo urtean loratuko da. Mediterraneo ekialdean ondu zituzten sustrai lodiko azenario aldaerak. Handik, Asia aldetik arabeek ekarri zizkiguten eta hemendik barrena iritsi ziren Europako mendebaldera. Ingalaterran eta Frantzian soinekoak eta kapelak apaintzeko erabiltzen zituzten bere sustraiak, hostoak, loreak... Ikaragarrizko aldaera aukera dugu, gaur egun, eta urte osoan azenario freskoa izan dezakegu baratzean. Kolore askotako sustraiak dituzten azenarioak daude: moreak, gorriak, laranjak, horiak, laruak, zuriak...

 

Oinarrizko premiak

Lur sakona nahi du, harririk gabekoa eta urak itotzen ez duena. pH neutro ingurukoa gustatzen zaio, hau da buztin-lurrak ez ditu maite. Beroa gustatzen zaionez, ahal izanez gero eguteran erein.
Lurra ongi prantatu: hondarra edo mausarra erantsi, ondutako simaurra eta karea edo errautsa.
Ez da nitrogeno zalea, eta fosforoa baino potasioa nahiago du. Lur aberatsegian itxuragabeko azenarioak hazten dira. Hau dena, erein baino lehen. Lurrak harro egon behar du, hatza erraz sartzeko moduan. Lur zakarra edo harritsua badugu sustrai motz borobileko aldaerak erabili.
Landarea ttikia denean tarteko belarrak kantzea garrantzitsua da. Behin hazten denean bere hostaiak gaina hartu, lurra estali eta kontra egingo die. 

Ureztaketa ez ahaztu.

 

Noiz zer lan

Ardatz itxurako sustrai nagusi bat duten landare guztiak bezala azenarioa es da aldatzen. Erein egiten da, bakan, arin erein.
Martxoa-apirilean hasi eta abuztua arte erein daiteke. Urte guztiko etengabeko uzta nahi baduzu, ilbeheraero erein.
Sail osoa edo ilaraka erein daiteke. Hazia txikia da eta lana errazteko hondarrarekin nahasten da. Ez da ia lurpean sartu behar. 8-10 aste ondoren jasotzen hasteko moduko azenarioak izango ditugu.
3-4 hosto dituztenean bakandu, eta belarrak kentzea ez ahaztu. Aurrerantzean ere bakanketa gehiago egin beharko dira, baina azenariotxoak jateko modukoak izango dira.

 

Uzta

Azenarioak handi egitearen zain ez egon, txiki-txikitatik jan. Xamurrak eta kurruskatsuak bildu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Nematodo bat baino gehiago ditu arerio.
Hostoaren usteldura eraginten duten onddo askok erasotzen du...
Azenarioaren eulia da izurrite kaltegarriena: azenario ilara bakoitzeko tartean ilara pare bat edo hiru porru edo tipula jarri. Onena tipula. Hauen usaina eraman ezina egiten zaio euliari eta alde egiten du. Euli hau maiatzaren erditik ekainaren erdira aldera arte ibiltzen da. Jeneralean berandu ereindakoari ez dio erasorik egiten. 

 

Nor norekin

Lagun onak ditu porrua, tipula, baratxuria, ilarra, tomatea, azak, asentsio-belara, salbia eta erromeroa.
Atsegin dituzte. Baita ere, loreak: larranbiloa, bitxilorea, baltsamo-belarra, kuminoa, martorria...
Tomatearekin ongi moldatzen da. Harek azenarioaren eulia aldenduko du eta honek lurra harrotu eta zorriak uxatuko dizkio.
Letxu tartean erein. Haiek hazi artean azenarioa itzaletan errazago ernatuko da eta haiek jan ahala azenarioak hazteko tokia izango dute.

 

Trikimailuak

Azenario erraldoiak egin nahi badituzu, palankarekin zulo haundi bat egin lurrean eta lorontzietan jartzen den tankerako lurrez bete. Gainean sustrai handiak hazten dituzten aldaeraren bateko bi edo hiru hazi erein. 8 kilotik gorakoak lortu izan dira...
Azenarioari kalte handienetakoa egiten dion izurritea eulia da. Landarea hazten ari denean erasotzen du, batik bat. Usainak erakartzen duenez, egin beharreko bakanketak edo hostoa zimurtu edo austea, eta usaina zabaltzea dakarren edozein lan ilunbistan egin, eta hondakinik ez utzi bertan.
Azenarioa egin den sailean lau urte arte atzera berriro ez erein.
Azenario artean kafe hondarrak zabaldu, kalte egiten dioten intsektuak ez dira hurbilduko.
Gaitzei, usteldura eta tankerakoei, aurre egiteko bakantzea garrantzitsua da.
Lurra harrotu, pH-a egokitu eta potasioa emateko, erein aurretik errautsa zabaltzeak mesede ederra egingo dio.

 

8 kilotik gorako azenarioak lortu izan dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora