Asteroko buletina
Nolako zura halako ezpala

Landarepedia

Aza jendea

Brassica oleracea var. capitata

[Jakoba Errekondo]

Zenbat aza ote dago? Izugarrizko aldaera pila bada: burua egiten duten buruazak, bururik gabekoak, bazka azak, kizkurrak, gorriak, berdeak... Berez bi urteko bizia du, baina urtekoa bezala lantzen da. Hostoa eta burua jaten zaizkie. Janari oso osasuntsua eta aberatsa da. Gure lurretan oso erraz etortzen da, garai txarretan neguko jaki zabalduenetakoa zen, eta ostikoka tratatu izan da. Makina bat esaera bada aza gutxiesten duena, animalietan astoaren parekoa dugu landareetan aza.

Benetan, aza loriatu besterik ez genuke egin behar. Gaur egun aza jendearen familiako landareak, gurutzedunak, osasunarentzako onenetakoak direla ederki dakigu.

Gurean negu-udaberriko buru-azak jateko ohitura izan da, batez ere. Gaur egun, urte osoan aza bildu berriak jateko adinako mota desberdinen aukera dago. Aza bereziak hazten saiatu, mahaian ez zara damutuko.

 

Oinarrizko premiak

Toki asko behar du. Aza, ematen diogun tokiaren araberakoa egingo da: lur asko, janari asko, hosto asko, buru handia.

Aza jendeari lur asentatua gustatzen zaio: ez aldatu lur irauli edo harrotu berrietan. Simaur zale dira, baina inoiz ez ondu gabea, gorroto dute simaur berria. Lur azidoa ere ez dute maite, karea edota errautsa eman aldatu aurretik.

 

Noiz zer lan

Neguko eta udaberriko azak dira ugarienak. Maiatz aldera ereiten da hazia.
Emeterio Sorazuk jasotako atsotitzak honela dio: “San Matias (maiatzak 14), erein al duk aza hazia? Hik bilduren duk aza handia”. Bost edo sei hosto dituztenean aldatzeko moduan daude landaretxoak: bezperan ongi ureztatu sustraiak hautsi gabe askatzeko eta ahal izanez gero lur puska bat dutela eraman. 45-50 cm-ko tartearekin aldatu. Eguna mozten hasten denean, udan sartu orduko, eta abuztuaren amaiera aldera arte aldatu. Bero handiko garaiak saihestu. Landarea aldatzerakoan lurra ez harrotu. Arin-arin eskuaretu eta belarrak kendu ondoren aldatu. Aitzurraren ordez landagailua erabili: zulo bat egin, lurra lehorra badago zuloa ureztatu, landaretxoa sartu eta landagailuarekin berarekin aldamenetik lurra estutu, ondo estutu. Lurra ondo zanpatutakoan, sakon ureztatu. Handitu artean, jorratu, baina lurra harrotu gabe, zopizartzen ariko bagina bezala, landareak lurreztatuz finkatu eta sendotu. Haizeak, izotzak edo dena delakoak dantzan jarritakoak batik bat.

 

Uzta

Geurean zaila da azak izoztea, baina goietan edo hotzak erreko dituen beldurra izanez gero, moztu eta kanpoko hostoak kenduta toki fresko batean lasto gainean ederki irauten dutela jakin.

 

Gaitzak eta izurriteak

Kontuz txoriekin: horma-txoriari bereziki gustatzen zaizkio landare aldatu berriak.
Bareek eta barraskiloek ere triskantza ederrak egiten dituzte landareñoetan.
Azaren sustraietako eulia eta, batez ere harra. Azken honek ikaragarrizko txikizioak egiten ditu, batez ere itsasaldeko sailetan eta uda bero lehorretan.
Gaitzetan, mildiuak eta enborreko herniak erasotzen ditu.

 

Nor norekin

Nola eulia eta harra dakarren tximeleta uxatzeko, aldamenean jarri kamamila, erromeroa, salbia, ezkaia, menta, baba, ilarra edota apioa.
Babarrun motzaren artean aldatu. Lurra nitrogenoz aberastuko du eta azek ederki baliatuko dute. Babarruna kentzean nahikoa toki geratuko zaie hotzen aurretik hazteko.
Ez marrubiekin, ez tipularekin ezta baratxuriarekin ere ez dira konpontzen...
Udaberrian azak jaten ari garela, tartean hirusta, pagotxa edo alpapa erein dezakegu. Hurrengo barazkientzako lurra ongarrituko du.

 

Trikimailuak

Aza ez hondatu, sukaldean tamainan egin, zenbat aldiz tokatu zaigu aza barazki urtsu kirasdun bat bihurtzea?
Itsasoko gatzak, aza goxoagoa eta kolore biziagokoa ekartzen omen du.
Aza jendea erasotzen duen harra, tximeleta zurizta batek jartzen dituen arrautzetatik dator. Hori-laranja kolorekoak dira hauek. Zaindu eta hostoetan zuloak ikusten hasi ordurako “Bacyllus thuringiensis 24” sendabide naturala erabili. Gutxi diren artean eskuz zanpatuz ere arrastoan sartuta ederki eutsiko dituzu.
Zenbaitek, landaretxoa muintegitik atera eta egun betez lur gainean uzten dute, itxuraz udaberriko tontortzea, lore gara garatzea, atzeratzen du.
Aldatzerakoan buztina, simaur apur bat eta ura nahastuta egindako lokatzetan busti sustraiak, alde ederrean itsatsiko da.
Azak bururik ez badu egiten ongarria falta du edo ez dugu behar bezain sendo landatu. Arazoa antzematen dugunean, ongarritu, baina ongarri orekatu batekin, inola ere ez nitrogeno soilarekin.

Azak urte guztian jateko, aldaketak tartekatu: uztaila-abuztuan, neguan eta udaberrian jateko; apirila-maiatzean, uda amaieran eta udazkenean jateko.

 

Itsas aldeko gatzak aza goxoagoa eta kolore biziagokoa ekartzen du. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Negu oso bat baratze
2022-11-04 | Jakoba Errekondo
Egun argia mozteak udazkena dakarren bezala, hotzak dakar negua. Eta hotzak, ia beti, galtzajario harrapatzen gaitu. Sasoi honetako hego haizearen kolpe beroak txoratuta, datorkiguna burutik... (+)
Pesia eta zirimola
2015-06-07 | Jakoba Errekondo
Usain pesia darama, udaberrian, haizeak zirimolan. Etengabeko txandakatzean, lorea lorearen gainean zabaltzen ari da, batak bestearen usainari gaina hartu eta azpian hartu nahian. Ikusgarritasunaren ohorea... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora