Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Zuberoako gasnagileen gazitegi kooperatiba
2021-11-25  |  Garazi Zabaleta

1985ean sortu zuten zazpi laborarik Etxe Gazna kooperatiba, hasiera batean Gotainen. 1992an, ordea, Zalgizera mugitu zuten gazitegia, aurrekoa txiki gelditu zitzaielako. “80 kide gaude kooperatiban oraiko egunean”, azaldu du Bettan Hoqui kideak. Saltzeko gasna ekoizten duten laborariak dira gehienak, baina etxerako egiten dutenak ere badira bazkideen artean. Zalgizeko gunean gasnak ontzeko, analizatzeko eta biltegiratzeko aukera dute ekoizleek, norberaren etxaldean horretarako inbertsio handiak egin beharrik gabe.

Ardi esnearen prezioak behera egin eta sektorea krisian zegoenean sortu zen egitasmoa, momentu hartan ekoizle asko hasi baitzen esnea saldu beharrean gasna egiten. “Orduan erabaki genuen kolektiboki materiala erostea, lana han egikaritzeko eta ekoizle bakoitzak gazitegi batean inbertitu beharrik ez izateko”, dio kideak. Hasiera hartan proiektuan sartu ziren ekoizleei lana errazteaz gain, bultzatzaileek ikusi dute gerora hasi diren gazte askorentzako ere laguntza handia izan dela kooperatiba. “Gasna egiten hasten diren gazteei lan bat kentzen diegu gainetik, eta hasierako kostuak ere gutxitu egiten zaizkie”, gehitu du.

Kooperatibako kideek etxean egiten dituzte gasnak, eta ondoren, Zalgizera daramatzate ontzeko prozesua han egiteko. “Asteko egun bat jartzen dugu gasnak ekartzeko, astelehen arratsaldez. Iristen direnean pisatu egiten ditugu, eta urte bukaeran kooperatibak gasna fresko kiloko 1,25 euro kobratzen dizkie laborariei”, azaldu du. Zalgizeko lanak aurrera eramateko bi langile ditu kontratatuak kooperatibak; iristen diren gasnak garbitzea, analisiak egitea eta itzultzea dira horien lanak. “Dena den, laborariek ere txandak egiten dituzte kooperatibako langileei laguntzeko, ekarri duten gasna kantitatearen arabera”.

Gunea handitzeko diru-bilketa arrakastatsua

Zuberoan bertan edo Zuberoarekin muga egiten duten Biarnoko eta Nafarroa Behereko herrietan ekoitzitakoa soilik hartzen dute Zalgizen. Horrez gain, kooperatibako parte izateko baldintza bakarra gasna norberak ekoitzitako esnearekin egitea da, eta ez erositako esnearekin. 45 bat etxaldek eramaten dituzte haien gasnak gaur egun, eta kooperatiban saltzen dituzten gatzagi eta hartzigarriak erosten dituzten beste 30 bat ere badira kide. Erreferentzialtasun handia lortu dute urteotako ibilbidean, eta horren erakusle da 2018an instalazioak handitzeko abiatutako diru-bilketak izandako arrakasta.

“30.000 euroz goiti bildu genituen, eta 400 emaile baino gehiagok hartu zuen parte”, dio Hoquik. Gazitegia handitzeko obrak 2020an egin zituzten, eta joan zen urrian egin zuten gune berrituaren inaugurazio festa. Gasnak biltzeko eta hezetzeko lainoztapen bidezko sala berri bat eta gasnentzako “erizaindegia” ere jarri dute, analisietan arazoak eman dituzten aleak berrogeialdian ezartzeko.