Bizi-baratzea

Transgenikoak

Zortzi arto transgeniko barietate gehiago saltzeko baimena eman du Espainiak
2020-05-20  |  ARGIA

Hazi hauek saltzeko zorroetan eta katalogoetan esaldi hau adierazi beharko dute: "Genetikoki eraldatutako barietatea". Apirilaren 9tik dute hauek saltzeko baimena. 2019an arto transgenikoz 8.000 hektarea erein ziren Nafarroan.

Apirilaren 8ko Espainiako Buletin Ofizialak argitaratua du zehazki zein arto transgeniko mota gehiago sartu dituzten Barietate Komertzialen Erregistroan, Espainiako Nekazaritza sailak baimena emanik. Denak dira Monsantoren jabetzako MON 810 lineakoak. Komertzializatzeko baimenak dakar praktikan ereiteko baimena ematea.

2019an arto transgenikoz X hektarea erein ziren Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Nafarroan 8.253 hektareatan erein zuten MON 810 motako artoa 2019an. EAE ez da ageri taula horretan.

Espainia artaburu transgenikotan txapeldun

Espainiako estatua lehena izan da Europan arto transgenikoak komertzializatzen. 1998an bt-176 motako bi barietate sartu zituen Barietate Komertzialen Erregistroan, beste herrialde batzuetan, esaterako Austrian, debekatua zen garaian, osasunean eta ingurumenean zituen arriskuengatik.

2003an beste bt-176 motako bi barietate sartu zituzten, eta lehen aldiz MON 810 motako lehenak. 2005ean bt-176 motako arto guztiak erretiratu zituen Espainiak, Europako Elikadura Segurtasunerako Agentziak aholkatuta, osasunean zituen kalteengatik. Baina MON 810 motakoak gehituz joan da etengabe.

Europan 2005 arte ez zen egon beste herrialderik transgenikoak erein zituenik. 2016an MON 810 motako transgenikoak ereitea galerazi zuten Europako 21 herrialde hauek: Valonia, Bulgaria, Danimarka, Alemania (ikerketarako soilik baimendua), Grezia, Frantzia, Kroazia, Italia, Zipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Hungaria, Malta, Herbehereak, Austria, Polonia, Eslovenia, Ipar Irlanda, Eskozia eta Gales.