Bizi-baratzea

Ziabelarra eta maite-belarra
2022-05-12  |  Jakoba Errekondo

Goi mailako gazta bat dastatua dut lehengo astean. Ez dut gazta jateko ohiturarik baina tarteka, gazta bitxiren batekin topo egiten dudanean ez dut mokoa okertzen. Gazta urdina zen, behi esnez Mutiloako Lenkaran auzoko Odio baserriko Beñat Telleriak egindakoa. Aho sabaian leun eta goxoa, bikaina! Ordiziako azokan duen saltokian azaldu zizkidan gazta hori fintzen zenbat urte behar izan dituen eta abar, baina niri galdera bat egitea ahaztu: zein gatzagi erabiltzen ote duen, alegia.

Lehen ere aipatu izan ditut esneak gatzatzeko onak diren landareak: baratze-kardua edo kardabera (Cynara cardunculus) eta ziabelar horia, gatzagi-belarra, etxekalaba-belarra edo legar-belarra (Galium verum) behintzat bai. Azken horrek izenetan du lana: esnea mamitzeko, gatzatzeko edo ziatzeko legarra behar… Galium bera ere grekoko gala (esnea) hitzetik dator. Esnea besterik hartu ez duen hausnarkariaren kumeak gatzagia deituriko urdailean du esne hori gatzatzeko gaia, “liburua” edo “librusantxa” esaten zaiona. Horrekin edo landareekin mamituko da gazta izango den esnea. Edo gatzagi kimikoarekin…

Ziabelar horiaren ahizpa da ziabelar latza edo lapa txikia (Galium aparine). Itxuraz, horrek ere gatzatzen du esnea, baina beste ezaugarri eder bat ere badu. Urteko belar ahul samarra da eta hazteko aldameneko beste landareen gainean luzatzen da. Horretarako hosto, txorten eta landare guztian dituen kako oker moduko batzuk baliatzen ditu. Landarea ukituz gero latza da, zenbaiti hotzikara ematen dio. Materia organikoz osatuta dauden lur aberatsak maite ditu, baratzeetan eta landare-hesietan ugaria da. Kakoen medioz, hor dabilen baratzezainaren praken barrenetara ederki itsasten da, eta ohikoa da ziabelar latzaren zati bat erantsita daraman ortuzaina.

Gazteleraz “amor de hortelano” esaten diote. Beste izen asko du, eta batek baino gehiagok bere laztasunak mingainean sortzen duen mina aipatzen du. Hortik ote dator bere “lapa txikia” izena? Lapatu miaztu da, miazkatu.

Lapa-belarra ere (Arctium lappa) aipatu izan dut hemen: bere haziak hedatzeko animalien ileetan zintzilikatzeko kakoak dituen fruituak ontzen ditu. Eredu hori imitatuz asmatu zen belkroa.  

Euskaraz lapa-belarrari eta ez lapa txikiari esaten zaio “maite-belarra”. Nork maite ote gaitu gehiago, lapa-belarrak edo lapa txikiak? Biek ere asko, izan ere bere haziak ematen, eransten dizkigute zabaldu ditzagun. Irlandan lapa txikia maiteago izango dute, bere hazi horiek kafearen ordezko gisa erabili izan baitituzte.

Ziabelar latza belar oso ona da jateko. C bitamina asko du; eskorbutoari aurrea hartzeko erabili izan da. Baita barruak garbitzeko ere. Zukututa edo egoskin bezala. Ozpina ere egin dezakezu: bere zarbak txikitu eta ontzi batean jarri eta sagardo ozpinez estali. Aste pare batera iragazi eta pronto!