Bizi-baratzea

Ukraina  >  Ukrainako gerra

Zaporizhiako zentral nuklearra ez dute ikuskatu oraindik
2022-08-17  |  Maddi Viana Zubimendi

Zentral nuklearraren inguruko bonbardaketen erantzulea Ukraina izan dela dio Errusiak, eta Ukrainak Errusia izan dela, berriz. Egoera oraindik arriskutsua dela ohartarazi du Boris Zhuikov erradiokimikan adituak.

Zaporizhiako zentral nuklearra. Argazkia: Wikimedia Commons,

Boris Zhuikov erradiokimikan aditua da eta Zaporizhiako zentral nuklearraren egoeraren inguruan mintzatu da France 24 hedabidean. Adierazi duenez, istripu bat gerta liteke, Txerrnobylekoa baino Fukushimakoaren antzekoagoa izan daitekeena.

Volodymyr Zelenskik beste herrialdeen "laguntza falta" salatu du, bere aldetik. Zentral nuklearra babestu behar dela esan du Ukrainako presidenteak –mundu mailan dagoen hirugarren handiena eta Europako handiena da Zaporizhiakoa– eta gaineratu du, hala egin ezean "xantaia nuklearrari" men egiten ari zaiola naziorteko komunitatea.

Nazio Batuen Erakundeak azaldu duenez inspekzioa egin nahian dabil, zentral nuklearraren egoera nolakoa den jakiteko. Baina bertaratzeko bai Errusia eta bai Ukrainaren baimena behar du.

Zentral nuklearraren inguruan hainbat egun dabiltza lehergailuak jaurtitzen bi aldeak, ARGIAn ere horren berri eman genuen aurreko astean, hamairu lagun hil zituztelako handik gertu jaurtitako bonbardaketek.


Zurea bidali