Bizi-baratzea

Zanbranan berriz pizturiko sutea itzaltzea lortu dute
2022-08-09  |  ARGIA

Igandean Zanbranan piztutako sutea kontrolatutzat eman bazuten ere astelehen goizean, iluntzean berriz abiatu zen, haize indartsuak hauspotuta. Suteen arriskua gora dago Euskal Herriko leku ezberdinetan, eta hainbat neurri dituzte bideraturik, aurre egiteko.

Sutearen ondoren Zanbranako lurrak kiskalita. Argazkia: Aitor Abecia, Zanbranako alkatea, @Aitor_Abecia Twitterren.

Igande arratsaldean 16:30tan hasi zen sua Santa Cruz del Fierro eta Ozio herrien artean, eta orduz geroztik suhiltzaileak buru-belarri aritu dira itzali nahian. Astelehen goizean jakitera eman zuen bertako alkate Aitor Abeciak sutea kontrolaturik zutela, baina azkenean, egun bukaeran berriz abiatu zen, haizeagatik.

Astearte goiz honetan Arabako Diputazioak jakitera eman duenez, kontrolaturik daukate sutea. Suhiltzaileek bertan segitzen dute badaezpada. Sutearen jatorria ez dute oraindik argi, nahiz eta alkateak aipatu auto batetik botatako zigarro punta batek eragin zuela.

Arriskua gora Euskal Herrian zehar

Angeluko Pignada eta Lazaret oihanak hestea erabaki zuen hiriko auzapez Claude Olivek astelehenean, herriko etxeko erabaki baten bitartez. Duela bi urte sute handi bat gertatu zen Lapurdiko hiri honetan ere eta 165 bat hektarea oihan erre ziren.

Araban, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri zuen astelehenean.


Zurea bidali