Bizi-baratzea

Zabortegiak handitu eta berriak ireki nahi dituzte EAEn
2021-06-08  |  Argia

Zabortegien edukiera bikoiztu egin beharko da EAEn 2030 urtera arteko epean, Eusko Jaurlaritzak aitortu duenez. Horri aurre egiteko hainbat proiektu daude mahai gainean, egungo zabortegiak handitu eta berriak irekitzeko, hala jaso du Berria egunkariak.

Zaldibarko zabortegia da 2020an itxi dutenetako bat, amildu ostean.

Zaldibar, Mutiloa eta Larrabetzuko zabortegiak itxi dituzte 2020an, eta 850.000 tona hondakin hartzen zituzten hiruen artean. Jaurlaritzak helburu bezala hartu du birziklatutako hondakin ez-arriskutsuen proportzioa handitzea eta zabortegietara bidali beharrekoa %15era jaistea, baina hala ere hamarkada honetan 7,5 milioi metro kubo hondakinentzako lekua beharko dela aurreikusten du, eta gaur egun EAEn dauden zabortegiek 4 milioi metro kubo hartzeko ahalmena dute.

Bergara, Lemoa, Zalla, Artxanda, Gasteiz...

Zabortegi defizitari aurre egiteko mahai gainean dauden proiektuak jaso ditu Berriak. Gipuzkoan, esaterako, Bergarako Epeleko zabortegia berriz irekitzeko proposamena egina du Debagoieneko Mankomunitateak.

Bizkaian, Lemoako zabortegia handitzeko tramiteak hasi dituzte; Zallako zabortegia ere handitzea da asmoa; Artxanda inguruko eremu bat, Bilbon, zabortegi gisa erabili nahi dute; Lezaman balorizazio planta bat eta zabortegi bat irekitzeko proiektua planteatu dute; eta Jatako zabortegia handitzea ere aurreikusten da.

Araban, Gasteizko Gardelegiko zabortegia handitzea pentsatua du Udalak.