Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Urki-saparen onurak
2021-09-23  |  Garazi Zabaleta

Kanadan baliatzen duten teknika darabilte Zuberoan ere uraren antza duen likidoa jasotzeko: urkiari txerto txiki bat egin, plastikozko hoditxo bat sartu eta grabitateari esker bidoira erortzen da.

Zuberoko Basaburuan bizi den Bettan D’hulstek duela zazpi bat urte abiatu zuen O’Lurra, urkiaren sapa edo izerdia biltzen eta merkaturatzen dituen proiektua. Ligi herrian (Zuberoa) jasotzen du, Iratiko basotik hurbil. “Zuberoako herri elkargoarentzat egiten nuen lan, oihanetako egurrarekin zein baliabide lortu ahal ziren aztertzen”, azaltzen du. Arbolak batik bat egurrerako eta papererako baliatzen zirela konturatu zen, eta erabilera gehiagoren bila, lagun teknikari baten bidez jakin zuen urkiaren sapa bildu zitekeela. Aztertzen hasi eta inguruko adineko jendeak jarduera eta urki-saparen onurak ezagutzen zituztela ikusi zuen. Ekoizpena eta salmenta ez zegoen garatua, ordea, eta horri ekitea erabaki zuen.

Zuhaitzetik poltsara, zuzenean

Hilabete eskas irauten du urki-saparen bilketak, otsailetik martxora. “Hostoak egin aitzinean, orduan izaten da sapa gehien arbolean korritzen. Goruntz joaten da sapa, hostoak sortzeko”, dio proiektuko kideak. Kanadan baliatzen duten teknika darabilte Zuberoan ere uraren antza duen likidoa jasotzeko: urkiari txerto txiki bat egin, plastikozko hoditxo bat sartu eta grabitateari esker bidoira erortzen da. Urtero 2.000 litro inguru jasotzen dituzte O’Lurrako kideek.

Urteotako esperientziaren ondotik, zerbaitetaz ohartu da proiektuaren bultzatzailea: “Klima aldaketaren ondorioz urtero bilketa aurreratzen ari da; hasi nintzenean martxoan egiten nuen bilketa, baina aurten, adibidez, otsailean hasi naiz”, dio. Ligiko oihan bateko jabeak uzten dio hango urkietan txertoak egin eta sapa ateratzen D’hulsti, eta zuhaitzari ahalik eta kalte txikiena eragiten saiatzen da bera. “Txertoa kentzerakoan, egindako zuloa berriz estaltzen diogu arbolari, eta hostoak hasten direnean bilketa gelditu egiten dugu, denboran asko mugatuz”. Zigilu ekologikoa du ekoizpenak, eta urtero hainbat kontrol pasatzen dituzte.

Garbiketarako, probiotiko bezala nahiz larruko arazoentzako

Bildutako sapa modu desberdinetan merkaturatzen dute proiektuko kideek. Batetik, poltsetan saltzen dute, gorputzeko garbiketarako darabiltenek freskoan kontsumitzeko. “Toxinak kanporatzeko hiru asteko garbiketa tratamendua izaten da; larrua eta ilea garbitzen ditu, purifikatzailea da eta zirkulaziorako ona”, dio ekoizleak. Kontsumitzeko beste modu bat laktofermentazioarena da: sapa bildu eta naturalki laktofermentatzen uzten dute, esnearen itxura hartzen duelarik. “Prozesu horrek probiotikoak sortzen ditu, eta hesteentzat eta defentsa inmunitarioak garatzeko da oso ona”. Azkenik, hurbileko laborategi batean usain desberdinetako xaboiak ere egiten hasi dira saparekin. Larruko arazoak dituztenentzako onuragarriak dira horiek.

Dendarik ez dute O’Lurrako kideek, baina bide hurbilean saltzen dute haien produktua, interneteko o-lurra.fr webgunean, biodendetan eta AMAPen bidez. Hegoaldetik ere geroz eta eskari gehiago jasotzen omen dituzte.