Bizi-baratzea

Urdina izatearen gaiztasunaren komeria
2021-10-14  |  Jakoba Errekondo

Uda edertzen duen lore asko dago. Tartean urrelilia (Chrysantemum spp.), idi-bihotza (Tulipa spp.), krabelina (Dianthus spp.), arrosa (Rosa spp.) eta dalia (Dahlia spp.). Daliak udaren amaierako altxorra dira, ikaragarrizko alaitasuna eransten diote bestelako lore-kolore urri dituen sasoiari. Laranjak, gorriak, horiak, zuriak, laruak, beltzak, arrosa kolorekoak eta horien nahasketa ugari topatuko duzu dalietan, baina kolore bat beti faltako da: urdina. Arrosarekin ere gauza bera gertatzen da: ez dago arrosa urdinik.

Ez dute benetan urdina den urrelili ez arrosarik lortu, emaitza more edo ubel zurbilaren tankerakoa da, baina negozioa martxan da.

Zaila da oso kolore urdina topatzea naturan, baita animalietan ere. Landareetan oso kolore urria da eta lore batzuetan aurki badezakegu ere, hostoetan eta fruituetan ia ezinezkoa da. Miamiko Florida International Universityko Zientzia Biologikoen Saileko irakasle erretiratu eta Naturaren paleta: landareen koloreen zientzia liburuaren egile denak, David Leek, zera dio: “Urdina kolore arraroa da naturan... Loreak sortzen dituzten 280.000 landare espezieen %10 baino gutxiagorenak dira urdinak”.

Lorearen kolorearen erabakitasuna landareak sortzen dituen pigmentuen eta horien elkarlanaren ondorio zuzena da. Kimikoki harremana duten pigmentuen elkarketa konplexu baten ondorioz gertatzen da kolorea: kalkonak, auronak eta antozianinak. Landareetan sortutako konposatu sorta izugarriaren parte dira. Antozianinak berez gorriaren inguruko koloreak dakartza. Eraldatuz gero, ordea, urdinaren aldera jo dezake; pHak edo pigmentu, molekula edo ioi nahasketek ekarriko dute mudantza hori. Naturak erabaki zuen: urdina gaitza da.

Landare gutxi batzuek egiten duten hori beste landare batzuetan artifizialki lortzea aspaldiko ametsa da. Japonian egin dira ahalegin ezagunenak. Naonobu Noda zientzialaria da ikerketaren egile nagusia. Berak argi dio: ohiko teknikak erabiliz sekula ez da lore urdinerako aldaketarik sortu inongo landaretan. Transgeniaren teknika beste aukerarik ez dago. Urreliliarekin eta arrosarekin egin dira saioak. Horien loreak urdintzeko berez lore urdinak ematen dituzten bi landareren genak txertatu dizkiete: alu urdina (Clitoria ternatea) eta ezkilalorea (Campanula medium). Ez dute benetan urdina den urrelili ez arrosarik lortu, emaitza more edo ubel zurbilaren tankerakoa da, baina negozioa martxan da.

Suntory enpresa multzoak sustatu du hori. Eta emaitzak uste baino pattalagoak badira ere, bere arrosa urdinxka kaleratu zutenean, haren prezioa arrosa arrunt batena baino hamar aldiz handiagoa izan zen. Dirua ez zaie urdinduko ez!