Bizi-baratzea

Txokolatezko fruta
2021-12-02  |  Jakoba Errekondo

Hotzak maite ditu frutak. Landareak ez dira tuntunak. Hotzaren gustuaren berri badute, eta frutak oparitzen dizkiote. Hotzarekin, janari eskasiarekin animalia askorentzako gutizia gorenak dira, turroiaren aldean apartak. Hori gutxi balitz bezala, hotzak berak frutak gozatu egiten ditu, samurtu, bigundu eta umotu. Animaliek jango dituzte, eta gero haien haziak han eta harago hedatu.

Zapote beltza (Diospyros nigra). Kakiaren genero berekoa da, baina heldutakoan mamia txokolate kolorekoa du, eta zaporea ere harena omen. Argazkia: jardineriaon.com.

Badira ondo umotu arte jan ezin diren frutak. Maurice Harriet haltsuarrak (1814-1904) bere hiztegi erraldoian idatzi zuen: “Mizpirak eztira on iateko onthu purikatu ditezen artean”. Mizpira (Mespilus germanica), animaliok badakigu, gordin-berdetan jangarri da, baina purikatu ondoren alde ederrean kitzikatzen du ahosabaia. Beste fruta batzuek, heldu gabe janez gero, ahoa edota mokoa dantzan jartzen dute, edota estomagoa minberatu eta erre... Kakia (Diospyros kaki) da horietako bat.

Kakia udazkenean biluzten da, hotz pittin bat sentitu orduko, eta laranja kolore biziko fruta handi, borobil, distiratsuak erakusten ditu. Ordura arte gordeta izan ditu. Hosto berdeen azpian frutak ere berde, ezin hauteman ziren. Hotzak gona kendu dionean jabetu da frutak bistara atera behar dituela, ondu, kolore deigarriz jantzi eta animalioi eskaini. Kakia, erabat heldua izan ezean, ez da fruta gozoa. Ahoa idortu egiten du. Ondo purikatzen utzi behar zaio; gogorra baino belaka aldera gustagarriago izaten du zaleak. Japoniarrek esaten diote “kaki”, eta hortik bere izenaren osagai hori; Diospyros, berriz, grekotik dator, eta Zeusen edo jainkoaren fruta esan nahi du.

Ni ez naiz kakizalea. Estetikoki gustatzen zait. Oraintxe edozein bazter edertzen du, arbola puska adar soiletan fruta ale handi deigarri horiekin. Ahoan beste upeleko sagardoa da. Baina duela gutxi hitz egin didate bere bestengusu batetaz: txokolate dasta duen kakia. Hori bai, hori gustatuko zaidala antzematen diot. Erdialdeko Amerikan Mexikotik Ekuadorrerainokoa da, eta “zapote beltza” esaten diote, Diospyros nigra. Orain munduko toki tropikal ugaritan lantzen da. Kakiaren genero berekoa da, baina heldutakoan mamia txokolate kolorekoa du, eta zaporea ere harena omen. Fruta heldua ez badago, zakarra eta mingotsa da, erregarria; Filipinetan arraina pozoitu eta harrapatzeko erabiltzen dute. Guk txokolatea bezala jaten dute: gordinik eta pastel, tarta, izozki, budin eta antzeko gozoetan. Txokolateak bezala, osasunerako mesede ugari omen dakartza: loezina eta azaleko eta arnaseko arazoak oneratzen ditu. Era berean bista hobetzen du eta heste aringarria da. Onena, gorputza pizten du. Hurrengo neguan txokolatezko frutak izateko eta piztu eta bizi-bizi ibiltzeko oraintxe agindu dut arbola bat. 


Zurea bidali