Bizi-baratzea

Agroekologia

Tolosaldean Lurtaro denda kooperatiboa jartzeko bazkide kanpaina hasi dute
2022-05-24  |  ARGIA

Lurtaro elkarteak "Egungo elikadura errealitatetik agroekologiarantz" mahai-ingurua antolatu du Tolosan, maiatzaren 26an. Bere esperientziatik mintzatuko dira zereal ekoizlea, fruitu ekoizlea, abeltzainak eta gaztagileak. Lurtaro elkarteak 300 bazkide lortu nahi ditu denda kooperatiboa abiatzeko eta mahai-inguru honetan ere egongo da bazkidetza egiteko aukera.

Alfredo Alonso Arabako zereal ekoizle eta abeltzaina; Mikel Kormentzana Bizkaiko fruitu ekoizle eta abeltzaina; Gotzone Sestorain Nafarroako gaztagilea eta Aitor Aranburu Gipuzkoako abeltzain eta gaztagilea arituko dira egungo elikaduraren errealitatea aletzen eta agroekologiarantz eman daitezkeen urratsak azaltzen.

Tolosako Zerkausian izango da mahai-ingurua, maiatzaren 26an, 18:30ean.

Lurtarok Tolosaldean denda kooperatiboa martxan jartzeko 300 bazkide lortu nahi ditu

Lurtaro Tolosaldean elikadura burujabetza eta agroekologia bultzatzen dituen elkartea da. "Elikadura katea berrantolatzeko proiektu zehatz eta praktikoak" martxan jartzea da bere helburua, eta horretarako, eskualdeko ekoizle nahiz herritarren arteko sarea josten du.

Orain kooperatiba bat martxan jartzea du asmo, eta horretarako 300 bazkide bilatzeari ekin dio. Kooperatiba honen lehen ekimena denda kooperatibo bat sortzea izango da, eta denda honek batetik biltegi funtzioa beteko du "Tolosaldeko kontsumo beharrei ekoizpen antolatuaren bidez erantzuteko", eta bestetik erosketa puntu fisikoa izango da.

Garazi Zabaletak azaldua du ARGIAn Lurtaro ekimenaren berri.

Hemen irakur daiteke Lurtaro proiektua zer den eta bertan dago bazkidetza egiteko aukera.