Bizi-baratzea

Epidemiak  >  Koronabirusa

Tolosako Azoka egingo da kaleak desinfektatutakoan, gaur ez
2020-03-21  |  Tolosaldeko Ataria

Tolosako Udalak jakinarazi du larunbat honetako (Martxoak 21) azoka bertan behera uztea erabaki duela. "Atzo eguerdian jasotako Osasun Ministerioaren azken aginduei jarraiki, bihar ez da aurreikusitako ezohiko azokarik gauzatuko", esan du.

Osasun Ministerioak emandako azken jarraibideen arabera, kale garbiketa desinfektatzaileekin egin behar da, eta beraz, aurrerantzean ezingo da kaleko salmentarik egin. Hori dela eta, Tolosako Udalak erabaki du biharko aurreikusitako azoka bertan behera uztea. "Ezinezkoa izango da bihar tokiko ekoizleen elikagaien salerosketa egitea", esan du udalak ohar baten bidez.

"Kale garbiketari dagokionean, udala dagoeneko hasia da herriko zenbait gune produktu desinfektatzaileekin garbitzen, saltoki eremuak eta anbulatorioa, batez ere. Datozen egunetan azken aginduen arabera, kale guztiak desinfektatuko dira", gaineratu du.

Udaletik argi utzi nahi izan dute segurtasun eta osasun berme guztiekin gauzatzekoak zela ezohiko azoka, udal ordezkari guztien adostasunarekin, protokolo zorrotz batekin, eta Osasun sailaren oniritzi eta baimenarekin, baina "azken berriak direla eta, eta orain arte bezala, arduraz jokatuz, bertan behera utzi da ezohiko azoka". "Udalak egunero-egunero beharrezkoak diren neurriak aztertu eta hartuko ditu Prebentzio Mahaian, udal honen lehentasuna delako tolosar guztien osasuna bermatzea", gaineratu du.