Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

“Testuaren esklabu izan gabe, agendari nire ekarpena egiten saiatu naiz”
2022-11-04  |  Garazi Zabaleta

Ilargia eta Landareak agendan Jakoba Errekondoren aspaldiko konplizea da Antton Olariaga marrazkilaria. 2023ko aleari ere berak jarri dizkio irudiak, eta sortze prozesuaren inguruan gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diogu komikigile usurbildarrari. Baratzerik ez omen du, baina agendaren kontrazalak dioenez, uzta ederra sortu du honezkero urteotako hartu-emanean.

Argazkia: Dani Blanco.

Animalia laguntzaileak dira aurtengo agendako gaia. Barazkiak baino errazago egin zaizu horiek marraztea?

Tira, lehenbiziko deian esan zidatenean xomorroak, intsektuak eta piztiak egin behar genituela, susto txiki bat hartu nuen. Pentsatu nuen, “agenda osoa intsektuz josia egin behar al dugu?”. Baina gero, Jakobarekin hitz eginda eta hilabete bakoitzeko ilustrazio bat izanen zela argituta, esan nuen, “ongi tratatu beharko ditugu, bada, animalia horiek”.

Eta, lehen susto hori eta gero, nondik jo zenuen?

Beti izan ditut gustuko Erdi Aroko piztiarioak, animaliak eta testuak azaltzen ziren horiek, eta horrek eman zidan pista. Piztiarioetan animaliak azaltzen ziren, bakoitza bere nortasunarekin, ekintza bat egiten, lagunekin nahiz etsaiekin, landarez inguratuta… hortik jotzea erabaki nuen, animalia bakoitzari zein nortasun emango nion eta nortasun horri lotutako ekintza eta tokia pentsatzen.

Nola izaten da sortze prozesuko elkarlana, testuen eta irudien osatze hori?

Mamia beti Jakobak ematen du, berak daki hortaz, ni ignorante hutsa naiz. Beraz, hilabete bakoitzeko protagonistak berak eman dizkit, eta azaldu zer egiten duen animalia bakoitzak, zein ezaugarri dituen, eta abar. Datu horiekin guztiekin eszena bat montatu dut nik, bakoitzaren nortasunari lotuta. Adibidez, armiarmak sarea du lagun, eta gaur egun sarea interneta da. Bada, hor jarri dut armiarma bere beso guztiekin, ordenagailuetan xomorroen bila. Adarjotze puntu bat beti izan behar da, bestela aspergarria izan daiteke, eta pentsatzen dut irakurleak ere eskertuko duela. Beraz, agendako mamia duintasunez apaintzen eta dotoretzen saiatzen naiz ni, baina ez testuaren esklabu izanez, baizik ekarpenak eginez eta nire ikuspegiarekin osatuz, nolabait.

Baratzerik ez duzula esan izan duzu, baina urte mordoxka daramatzazu baratzeari lotutako agenda honetan lanean. Zer jaso duzu lanketa horretatik?

Alde batetik, harremana, Jakobarekin dudan hartu-eman pertsonal hori. Gustatzen zait berarekin eztabaidatzea, “zer iruditzen zaizu hau, eta beste hori…?”. Horrela aritzen gara. Hala ere, nire abiapuntua ignorantzia da, baratzeaz ez baitakit ezer. Beraz, ikastera noa, eta formula egokiak bilatzera. Azkenean, lagunak izateaz aparte, honezkero konplize ere egin gara Jakoba eta biok.

 

Bideo honetan ikusentzun daiteke Alegian egin zen Ilargia eta Landareak agendaren aurkezpen berezia: Jakoba Errekondo eta Antton Olariagaren hitzartzeak, Iñaki Sanz Azkue biologoaren azalpenak eta Unai eta Eñaut Agirren bertsolariak bertso zaharrak kantari: