Bizi-baratzea

Kongo

Telefonia mugikorraren beste aldea: koltana, Kongoko gerraren kausa nagusi
2016-02-24  |  Ane Urkola Agirrezabala

Friends of the Congo erakundearen datuen arabera, Kongon dago mundu osoko koltanaren %80. Mineral hori erabiltzen da ordenagailuetako, GPStako edota mugikorretako bateriak egiteko, besteak beste. Gemma Parellada kazetariak Catalunya Prulali azaldu dionez, 100 pertsonako 150 telefono daude Espainiako Estatuan; Kongon, berriz, 48 telefono dituzte 100 pertsonako. Datu horiek adierazten dute mendebaldeko herrialdeetako datuetatik oso urrun dagoela Kongo, mineralaren erreserba handienak baditu ere.

Kongoko gatazka II.Mundu Gerraz gerozko hilgarriena da, eldiario.es hedabideak jaso duenez: “Herrialde askok dituzte interesak bertan”, azaldu du kazetariak. “Koltan minerala ez da gerraren kausa nagusia, baina gerra hori areagotzeko aukera nagusia bihurtu da”, adierazi du Caddy Adzuba Kongoko kazetariak.

Adzubak azaldu du gerra hasi zela erregimen diktatorial baten ondorengo aldaketa politiko baten beharragatik: “Ruanda edota Burundi herrialdeek onartu zuten Kongori laguntzea 1996an. Zoritxarrez, nazioarteko komunitateak herrialdea egonkortzeko aukeratzat hartu zuen, eta Europar Batasuneko eta AEBtako herrialde batzuk gerran sartu ziren. Beren helburua ez zen kongoarrei laguntzea, baliabideak kontrolatzea baizik; gerraren kausa ez da minerala bera, baina mundu mailako kapitalismoak egoera aprobetxatu du”.

Koltan mineralak herrialdearen aberastasuna sortu beharrean, minak kontrolatzen dituzten talde armatuei egiten die onura. Mineralen esplotazio ilegalak emakumeei eta haurrei eragiten die, batez ere. Emakumeen kasuan, indarkeria sexista da ondorio nagusia: “Herrixka bateko emakume guztien bortxaketa burutzen dutenean, komunitatea deuseztatu egiten da, emakumeak gizartearen kohesioaren rol soziala betetzen du-eta”. Haurren kasuan, berriz, eskola uztera behartzen dituzte, eta esklabo bihurtzen dituzte. Nesken kasuan, gainera, prostituitzera derrigortzen dituzte”, azaldu du Abzuba kazetariak.

Orain arte hartutako neurriak

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OECD) neurri batzuk hartu zituen 2010ean, eta enpresak derrigortu zituzten mineralaren kudeaketa arduratsua egitera. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak eskatu zien herrialdeei baliabideak inportatzen zituzten merkatarien kontuak arduraz kontrolatzeko. Amnistia Internazionalaren txosten baten arabera, ordea, enpresen %80k ez dute kontrolatzen beren produktuek ba ote duten Afrikako gatazka guneetatik ekarritako mineralik.

Europako Batzordeak proposamen bat egin zuen 2014ean, eta 2015ean Europako Parlamentuak zuzenketa egin zion proposamenari. Azkenean, onartu zuten 880.000 enpresak jakinarazi behar dutela beraien kateetan hautemandako arriskuak identifikatzeko hartutako neurriak. Enpresa horiek eztainua, tantaloa –koltanetik eratorritako materiala– , wolframa eta urrea erabiltzen dituzte produkziaon. Dena den, behin betiko testua negoziatzen ari dira oraindik, eta Europako Batzordeak onartu behar du.

Caddy Adzubaren arabera, arazoa da garestiagoa dela mineralak mina legaletatik ateratzea. Dena den, Europa mailan aldarrikatu behar da “konpainiek utzi egin behar dutela erreboltariek kontrolatutako lekuetatik ateratako materialak erosteari. Legea onartuta ez gara besoak gurutzatuta geratuko; legea oinarria da, lan egiteko erreminta, baina legea aplikatzen dela egiaztatu behar dugu”.

 


Zurea bidali