Bizi-baratzea

Tapia Legearen aurkako manifestazioa antolatu dute Gasteizen larunbaterako
2022-05-10  |  Zigor Olabarria Oleaga

Eusko Jaurlaritzaren “autoritarismoa” salatu du Araba Bizirik plataformak. Udalei proiektuak ez inposatzea eskatu du, eta trantsizio energetikoa garatzea natura lehenetsiz, ez “interes pribatuak”.

Argazkia: Araba Bizirik

Martxoaren 15ean iragarri zuen plataformak manifestazioa, Eusko Jaurlaritzaren aurrean eginiko prentsaurrekoan. AHTrik ez Araba, Arabako Mendiak Aske (zentral eolikoen aurka), Proiektu Honi Ez (zentral fotovoltaikoen aurka) eta Elikadura Iraunkorraren Alde ekimen herritarrak batzen dituen plataformak salatu zuen Tapia Legeak “ toki-erakundeen independentzia eta subiranotasunari” eraso egiten diola: “Modu autoritarioan jarduteko aukera ematea nahi du, mega-proiektu horiek kokatzeko lekurik egokienei buruzko eztabaida saihestuz eta inolako adostasun sozialik gabe”. Ukrainako gerra eztabaida are gehiago saihestu eta baldintzatzeko erabiltzea ere leporatu zion, energia premiak eta alarma giroa aitzakia hartuta. "Energiaren deskarbonizaziorako eta autohornikuntza sistemarako igarobidea antolatzeko, natura guneen eta landa eremuen errespetuan, babesean eta kontserbazioan oinarrituta egin dadila", eskatzen du Araba Bizirikek ingurumenaren alorrean.

Lanketa luzearen amaiera

Abenduan onartu zen Tapia Legea Gasteizko Legebiltzarrean, eta plataformak kontzentrazioa deitu zuen eraikinaren aurrean. Martxoan maiatzaren 14ko manifestazioa iragarri zuenetik, beste hainbat ekimen burutu ditu. Besteak beste, martxoan hitzaldi zikloa antolatu zuten Arabako herrietatik, Carlos Taibo edo Adrián Almazánen partaidetzarekin. Iragan larunbatean bizikleta martxa egin zuten Gasteizen, eta maiatzaren 10 honetan kontzentrazioa Foru plazan.

Maiatzaren 14ko manifestazioa Bilbo plazatik irtengo da 19:00etan, Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari ez lelopean.

 

 


Zurea bidali