Bizi-baratzea

Suteak egonkortuta, larrialdi alerta maila jaitsi dute Nafarroan
2022-06-22  |  Maddi Viana Zubimendi

Egoerak hobera egin du eta suteak egonkortu dira, gainera makinariarekin uzta biltzeko debekua bertan behera geratu da baina herri batzuk oraindik hutsik daude.

Artazu herrian sutea itzali nahian, larrialdietarako unitateek hartutako irudi batean.

Nafarroan larrialdi alerta mailaz jaistea erabaki dutela iragarri zuen astearte arratsaldean, ekainaren 21ean, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak. Egoerak hobera egin du eta horregatik erabaki du Nafarroako Gobernuak makinariarekin uzta biltzeko debekua bertan behera uztea. Horrez gain honako herriek hustuta jarraitzen dute: Amatriain, Makirriain, Santsoain eta Olleta. Guztira 85-90 bizilagun inguru dira haien herrietatik aterarazi dituztenak.

Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuaren Twitterreko kontuak egoeraren nondik norakoen berriak txiokatzen ditu. Ekainaren 21 goizean txiokatu dute behin-behineko kalkuluen arabera 10.000 hektareatan izan dutela eragina suteek.

Kontseilariak adierazi duenez, ekainak 20ean zen amaitzekoa makinaria uzta biltzeko debekua, baina debekua ostiralera arte luzatu dute. Hala ere azpimarratu du egoerak hobera egiten jarraituz gero, debekua lehenago amaitu daitekeela. Eta hala izan da, ekainaren 22 goizean jakin da debekua kendu egin dutela.

Euria laguntzen ari da

Euria egin du Nafarroan eta horrek piztuak zeuden suteak egonkortzen lagundu die larrialdi zerbitzuei, Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuaren Twitterreko kontuak adierazi duenez.

Remirezek hedabideei azaldu dienez, egoerak hobera egin du baina hala ere “oraintxe bertan kezkatzen gaituena Nafarroa ekialdeko frontea da, San Martin Unx eta Galipentzu ingurua “. Ekainaren 22ko goizean ordea, sute guztiak egonkortuak daudela adierazi du txio batez 112 SOS Nafarroak (Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzua).

Kontuz ibili behar da oraindik

112 SOS Nafarroak herritarrei eskatu die suteak egondako inguruetara ez gerturatzeko oraindik, izan ere, arriskutsua izan daiteke. Azpimarratu du “ezegonkotasun handia” dagoela lurzoruetan eta zuhaitzetan, eta gaineratu du baso-bideak kolapsatu daitezkeela suhiltzaile eta beste baliabideei bidea oztopatuz.


Zurea bidali