Bizi-baratzea

Sudan

Sudango lehen ministroa kargura itzuli da, militarrekin ituna sinatuta
2021-11-23  |  Leire Artola Arin

Akordioa gaitzetsi dute Abdalla Hamdok estatuburuaren koalizio kideek, eta herritarrek ere protestan jarraitzen dute. Orokorrean nazioarteak txalotu egin du militarren eta zibilen arteko “krisi politikoa konpontzeko” adostasuna.

Abdalla Hamdok lehen ministroa etxeko atxiloaldian egon da estatu kolpeaz geroztik. / Argazkia: @SudanPMO

Lehen ministro izandako Abdalla Hamdok eta Abdel Fatah al-Burhan buruzagi militarra elkarrekin agertu ziren azaroaren 21ean, zibilen eta militarren artean hitzarmen bat lortu dutela jakinarazteko, eta hori horrela, Hamdok lehen ministro kargura itzuli dela adierazteko. Itunaren arabera, Kontseilu Subiranoak demokraziarako trantsizioa bideratzen segituko du, eta akordioaren bi aldeek “teknokratez eta independeenteez” osatutako gobernu bat eratu beharko dute. Militarrek atxilotutako politikariak askatzeko erabakia ere jaso dute itunean.

Urriaren 25ean estatu kolpea eman zuten militarrek, al-Burhan buru zutela. Besteren artean Hamdok lehen ministroa etxeko atxiloaldian jarri zuten, eta militarren eta zibilen ordezkariek osatutako orduko “trantsizio demokratikorako” gobernua eta kontseilu subiranoa desegin zituzten. Bi aldeen arteko tentsioek eztanda egin zuten, eta al-Burhan buruzagi militarrak argudiatu zuen “beharrezkoa” zela armadak Sudanen gaineko kontrola hartzea, “trantsizioaren bidea zuzentzen saiatzeko”. Orain, "trantsiziorako bidea" elkarrekin egiten jarraitzea adostu dute, eta aurreikusi dute hauteskundeak 2023an egitea.

Zibilen gaitzespena

Abdalla Hamdok estatuburu izendatu zuen zibilen koalizioak –Askatasunaren eta Aldaketaren Aldeko Indarrak– gaitzetsi egin du hitzarmena, hura sinatzeak estatu kolpea zilegi egiten duela argudiatuta. Jamal Idris koalizioko kideak azpimarratu du akordioak soilik Hamdok ordezkatzen duela, eta ez zibilen koalizioa: “Mendekotasun ituna da hau, zeren Hamdok presidentetzako egoitzara iritxi baita zuzenean etxeko atxiloalditik, eta guri kontsultatu gabe sinatu du”, azaldu dio EFE berri agentziari. Ituna “indarkeria geldiarazteko” sinatu duela argudiatu du Hamdokek.

Indarkeria, ordea, ez da amaitu, eta kaleetako protestetan herritarrak hiltzen ari da armada. Mediku Sudandarren Komite Nagusia sindikatu independentearen arabera, protestetan gutxienez 41 pertsona hil dira urriaren 25etik, haietatik bost adin txikikoak. Sindikatu horren esanetan, gehienak tiroz hil dituzte, azkena igandean, Hamdok eta al-Burhanek ituna iragarri osteko liskarretan. Halere, armadak ukatu egin du armak erabili izana. Herritarrak ere ez daude ados militarrekin egindako hitzarmenarekin, eta manifestatzen jarraituko dute "botere zibila itzuli arte".

Nazioartearen onespena

orokorrean, nazioarteak pozik hartu du itunaren berria. Besteak beste, Erresuma Batuak, AEBek, Europar Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak txalotu egin dute zibilen eta militarren adostasuna. Gainerako atxilotuak askatzeko galdegin dute. Halaber, Arabiar Ligak “arrakasta” gisa ikusi du hitzarmena, eta Ahmed Abulgueit idazkari nagusiak nabarmendu du krisi politikotik ateratzeko azken asteetako esfortzuen emaitza izan dela Khartumgo ituna, laguntza arabiarra nahiz nazioartekoa izan duena.