Bizi-baratzea

Sorginak orrazten
2021-07-15  |  Jakoba Errekondo

Sorginak ere orrazten omen dira... Baina orraziarekin zer egiten dute; ilea leundu edo harrotu? Bietarako alagalakoa da sorgin-orrazia (Dipsacus fullonum). Ilea goitik behera orraztuz leundu, behetik gora, aldiz, harrotu. Sorgin-orraziaren fruitu lehorra da benetako orrazia. Kardu bat da, kardu handienetako eta sendoenetako bat, eta bere fruitua, karda, kardatzeko, leuntzeko nahiz harrotzeko erabili izan da. Hortik fullonum abizena, kardariena esan nahi du. Landare osoa da arantzatsua, baina guztiz da hala zurtoin luzeen muturrean duen lore multzoa. Landareari elorria ere deitu izan zaio, eta kardu hori ugaria den tokiari elordia. Oraindik ere erabiltzen da, batik bat artilea kardatzeko, izan ere sorgin-orraziaren zurdek ile zuntzetan ganbera bat sortzen dute, burusiak edo tapakiak beroari eusteko harrotze aproposa. Egundo ez da asmatu harrotze bikain hori egingo duen makinarik, bestela galdetu artile kontuetan zurietan moko-zurienak diren britainiarrei; halaxe dio Archibald William Smithek A Gardener’s Book of Plant Names (Landarezalearentzako landareen izenen liburua) 1963ko argitalpenean.

Kardaberatx, astakarlo, astalahar, gardantx, gardantxuri, kardu, astrakal eta abar... izen ugari du kardu honek. Kardu izena latinaren zubitik barrena hizkuntza punikotik edota amazigeratik omen dator, haietan "ziztatu" esateko duten errotik. Arantzekin ziztatuz karduak bere burua defendatzen du. Bere buruaren zaintza hutsa utzi eta erasora jotzen ere badaki: hostoak binaka ditu elkarren pare-parean, eta oinean lotuta daude, mimiko edo kaliza baten tankerako batekin zurtoina biltzen dutelarik. Mimiko horretan euriaren edo ihintzaren ura biltzen dute. Hortik Dipsacus izena, grekoko “dipsa” (egarria) hitzetik datorrena. Baina ez du ur egarri soila. Pilatzen duen ur horretan intsektu asko itotzen da. Itxuraz, landareen historiako ibilbidean intsektuak harrapatu eta jateko bidearen hasieretako bat da eta protoharagijalea esaten zaio sorgin-orraziari. Biltzen duen ur hori gero orraztuko duen ilea indartzeko ona dela diote.

Karlomagnok VIII. mendearen amaieran edo IX.aren hasieran bere hagintepeko lurraldeetan 94 landare lantzea behartzen zuen, eta tartean zen sorgin-orrazia. Arropatarako ehunak kardatzeko beharrezkoa, baina sendabelar aski ezaguna baita ere. Garai haietan eta duela ez aspaldi arte hain ugaria zen behordunaren ipurdiaren zaintzarako belar oso ona da. Bere sustraia ardotan egosi, argizari itxura hartu arte xehatu eta enplastu edo txaplatan jarrita uzkiko zartadurak eta fistulak sendatzen ditu; baita zauriak xukatu ere. Era berean pixa erraz eginarazteko modu ederra deskribatzen du Andres de Laguna, Julio III.a aita santuaren mediku espainiarrak 1570ean. Honela dio: sorgin-orraziaren buruko hazi heldu bakoitzean hartxo edo nematodo bat bizi da (Ditylenchus dipsaci). Horiek hartu eta bizi-bizirik zakiletik barrena sartu. François-Joseph Cazin mediku eta fitoterapiaren sustatzaile sutsuak 1850ean idatzi zuen nematodo horri berari buruz, esanez berak haginetako mina kentzeko horietako batzuk hartu eta mina zuen parean murtxikatzen zituela.