Bizi-baratzea

Basoa

Sei hektareako lursaila erosi du Soraluzeko Baso Biziak elkarteak, leheneratzeko
2021-11-24  |  ARGIA

Lehenengo lursaila erosi du Soraluzeko Baso Biziak elkarteak. Bertako basoari eta biztanle guztiei aterpea eskainiko dien eremu bat sortzeko asmoa dute. Urtea bete berri du elkarteak, ehun bazkideko langa gaindituta.

Argazkia: Soraluzeko Baso Biziak

2020ko azaroan sortu zuten Soraluzeko Baso Biziak elkartea herriko bost naturazalek. Bertako basoak babestea dute xede, espezie exotikoak landatzeko joera areagotuaren aurrean. Inguruko lur-jabeekin harremanak egin eta sailen basoberritzearen inguruko hitzarmenak egin dituzte urte honetan. Elkartearen helburuetako bat, hala ere, etorkizunean herritar guztientzat izango diren lursailak erostea izan da.

Urtebetean hazi egin da elkartea eta ehun bazkideen langa gainditu dute dagoeneko. Askotariko ekimenak antolatu dituzte urtean zehar, landaketak, basoen berreskurapenaren inguruko lanketak, Soraluzeko eskolarekin elkarlana... Joan den astean egin zuen elkarteak lehen batzar irekia, bazkideekin hurrengo urterako plangintza eta elkartearen funtzionamendua, helburuak eta antolaketaz mintzatzeko.

Elkarteak iragarri duenez “ametsa zena” bete ahal izan berri dute. Sei hektareako lursaila erosi du elkarteak bertako basoa leheneratzeko asmoz, Sagar errekako haranean. Inguru natural hondatuagatik kexatu baino gehiago egin daitekeela adierazi dute. Hurrengo belaunaldientzat babestu beharreko eremua izango da lursaila.