Bizi-baratzea

Satorra baratzetik kanporatzeko, sator-belarra
2020-07-16  |  Jakoba Errekondo

Sator eta satagin, suge eta sugegorri, sagu eta sugandila, satitsu eta saguzar, sits eta sorbeltz, soro-muxarra ahaztu gabe, hanka-lauka edo hego-bika ibili, inguruan ditugun animaliak ezin ikusi ditugu. Batzuk arrazoiz. Esaterako, azaloreek (Brassica oleracea var. botrytis) burua egin behar duten unean, sailean hozkaka jo eta errotik mozten dituen satagina. Beste asko, ordea, laguntzaile finak ditugu, batik bat landareen arerioak harrapatzen dituztelako: suge, sugandila, saguzar, sorbeltz eta abar oso luze bat. Badira tartean zer egiten duten ez dakigunik ere, satorra adibidez.

Satorra haragijalea da, animaliatxoak besterik ez ditu jaten. Lehen batean landareak babestu nahi ditugunontzako lagunak dira: ez dituzte jango. Baina bere bizimodua osatzeko lurpeko galeriak egin behar dituztenean, aurrean topatzen duten sustrai samur guztiak jo eta hautsita egingo dute aurrera. Eta bere dietaren osagai nagusia zizarea da; bai, gure lurrak ontzen dituen zizarea. Beraz, satorra “txintxoa” edo “gaiztoa” da?

Sator jendeak sekulako gerrak ezagutu ditu. Lehengo mendearen hasieran, belle époque delakoan ("garai polita" omen euskaraz), modaren bihotzetik (Paristik) zabaldu zen sator larru finarekin egindako berokien bolada; beroki bat egiteko huskeria behar zen, 600-800 sator alegia. Milaka satorketari aritu zen mende erdiz. Etengabeko gerra hotza ere ezagutu dute. Era guztietako tranpa, tramankulu eta trepeta sator-mukuruetan. Satorra atzeratzeko asmoarekin, sator zuloan zer ez da sartu edo isuri izan? Alanbre ziztadun, beira zati, iltze, bizar xafla, burdin zorrotz, arrain ustel, erretako olio, naftalina, brea, galipot, alkaterna, bilgor eta koipe bero, formol, kaltzio karburo, estriknina eta halako pozoi, ke bonba, pixor eta minda, ur ustel... Alemanian babestuta daude satorrak eta, arazo larriren bat sortzen dutenean, harrapatu eta beste nonbaitera eramaten dituzte. Oso gutxitan ematen dute hiltzeko baimena.

Hil nahi ez eta satorra bere lurraldetik uxatzeko soinugailuak edo lurpean bibrazioak sortzen dituzten botila dantzariak jartzen dira burdin hagen edo hurritz makilen (Corylus avellana) muturretan. Lan hori egiten duten landareak ere badira: asma-belarra (Datura estramonium), otsobaba arra (Helleborus foetidus) eta sator-belarra (Euphorbia lathyris). Azken hori boladan dago, gero eta gehiago ikusten da baratze mugetan. Landare pozoitsua da, bere izerdi esnetsuak erre egiten du. Agi danean, satorrak kosk egiten dionean muturra erre egiten zaio eta atzera egiten du. Landare handia da, metro bete gara daiteke, eta, surtraije handia duenez, satorrari buelta handia emanarazten dio erredura saihestu nahi badu.

Dotorea da sator-belarra, zorten luze zuenaren inguruan hosto txorrotx urdinak, gainetik begiratu eta gurutze eran kokatuta ditu. Biurteko jotzen bada ere, askotan urte berean loratzen da. Erleek bezala intsektu askok gustuko dute lore hori. Hortik etorriko diren haziak hirukada daude kapsula batean, eta kapsula espaziala balitz bezala, hori lehertu eta haziak metro batzuetara hedatzeko ez du inoren beharrik.

Baratze, sega-belaze, soropil, belardi dotore, golf zelai eta antzekoetan sator-meta heresia da. Barazkiak harrotu, landareak altxa, sega kamustu, segatutako belarra zikindu, berdindutako lurra desberdindu... Jarri bada sator-belarra inguruetan; satorra kanpora.

Tartiku eta tartakin ere esaten zaio sator-belarrari. Azkuek jasoa du Erronkariko Bidankozen katalin-belar izena eta berari buruz ziotena: "Belar koni urte guzian ezau kentan lorea, exar dein artio".

 


Zurea bidali