Bizi-baratzea

Sasi-sugeak, zirauna eta eskinko hiruhatza
2021-07-21  |  Naturayala

Blog honetako sarrera batzuetan salatu dugu zein ohikoa izaten den gure bide bazterretan hildako suge edo sugegorriak aurkitzea, kolpatuak izan ondoren. Zentzugabea, irrazionala, indiskriminatua eta kontserbazio erizpide ororen aurkakoa iruditzen zaigu jokaera hau. Baina are txarragoa sikiera suge ez diren bi espeziei eragiten dienean, nahiz eta antzeko itxura erakutsi, bere kalterako, eboluzio-bateratze baten ondorioz. Bi espezie hauek ezagutzera emateko asmoz Naturayalako sarrera honetan aurkeztuko ditugu: zirauna (Anguis fragilis) eta eskinko hiruhatza iberiarra (Chalcides striatus).

Zirauna soberan ezaguna da, leku bakoitzean izen berezia jasotzen duelarik: cillorto Amurrion, cilorto Urduñan, enanago Artziniegan, zirau Okondo eta Laudion, aguano Zuhatzan, sirón Losan… Nahiz eta ezaguna izan, eta jakina izan ez duela inongo pozoirik, maiz ageri da akabatuta bide bazterretan. Ziraunak ez dira ofidioak, “anguidoak” baizik, narrazti familia bat hankarik gabeko musker luze itxurakoez osatuta. Buztanetik helduz gero askatu egiten dute, sugandilek egiten duten moduan (buztaneko autotomia).

Eskinko hiruhatz iberiarrari, gurean bizi den eskinko espezieari, aurkakoa gertatzen zaio: erabat ezezaguna da, gure faunan faltako balitz bezala. Aiaran ez da Arabako beste eskualdeetan bezain arrunta, eta gainera oso diskretoa da eta abiadura handiz egiten du ihes. Nahiz eta ziraunekin antza izan, eskinkoak beste familia baten kideak dira, Eskinkidoak edo Scincidae, zeinen artean gutxi garatutako gorputzadarrak dituzten hainbat espezie dauden. Ofidioekin harremanik ez dutela esatea alperrikakoa da.

Gaurko gizarteak aintzinako aurreiritzi eta mitoak gainditzeko nahiko informazio badauka. Ingurunearen ezagutza eta babesari loturiko gaiek, eskolan lantzen direnak, gure seme-alabak hezteko nahi ditugun baloreen islada beharko lukete izan. Espero dezagun ikuskizun penagarri hauek laister gehiago ez ikustea, suge, sugegorri, ziraun eta eskinko akabatuak munduari mesede izugarria egingo balitzaio bezala arrisku handi batez libratuz.

Artikulu hau Naturayala blogean argitaratu da.

 


Zurea bidali