Bizi-baratzea

Laborantza  >  Sagardoa

Sagardotegi denboraldi "berezi eta merezia"
2022-01-12  |  ARGIA

"Sagardotegi denboraldia merezi dugulako, sagardo berria dastatzea merezi dugulako ekingo diogu gogoz 2022ko Sagardotegi Denboraldi berriari". Sagardogileek prentsaurrekoa eman dute Donostian, ostiralean hasiko den sagardotegi denboraldia aurkezteko.

Sagardo eta sagargile elkarteetako ordezkari andana bildu da Donostian. / Euskal Sagardoa

Euskal Sagardoa deiturako ordezkariekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteetako kideak izan dira aurkezpenean. Sagardotegiena denboraldi "berezia" izan ohi dela azaldu dute, "sagardo berria dastatzen dugulako, egoerak bultzata, protokolo bereziekin".

Sagardoa pitxerretan, bakoitzaren informazioarekin

Zentzu horretan, jakinarazi dute urtarrilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak irauten duen bitartean, zerbitzariek mahaira ekarriko dutela sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin. Txartel bakoitzean egongo da kupelaren zenbakia, bezeroak aldioro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko. Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko "arduraduna", eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa.

Bestalde, berrikuntza moduan, otorduaren aurretik sagardo dastatze gidatuak eskainiko dituzte zenbait sagardotegik. Halaber, erreserba sistema martxan dago jada Sagardoa.eus webgunean. "Sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da, deirik egin edo emailik bidali gabe", azaldu dute sagardogileek.

%10-20 arteko igoera

Azken urteko igoerak medio, sagardoa %10 eta %20 artean igoko da bataz beste 2022 urtean. "Sagarra, beira, kartoia, argindarra… guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko". Sagardogileen hitzetan, "bertako nekazaritza, bertako ostalaritza eta bertako banaketa sistemak uztartzen dituen eremua da sagardoa. Bertako ekonomia sustatzen du, lanpostuak eta aberastasuna bertan sortuz. Baina sagardogintzak, bideragarria izateko, eskaintzen duenaren neurriko prezio bat behar du. Sagardoari merezi duen aitortza eta balioa jarri behar zaio. Sagardoak merezi duelako. Merezi duen edari bat merezi dugu, eta lehen sektore indartsu batean oinarritutako kalitatezko edaria merezi dugu".

Sagar uztaren harira, orokorrean iazkoak baino sagardo arinagoak direla azaldu du sektoreak, lurrintsuak eta alkohol graduazio bajuxeagokoak. "Uzta handiak direnean normala izan ohi dena da bestalde, eta aurtengoa inoizko uzta handiena izan da Euskal Sagardoa jatorri deiturarentzako. Guztira 5 milioi kilo sagar bildu dira jatorri deiturako 250 sagardotegietan eta 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira".


Zurea bidali