Bizi-baratzea

Repsolen petrolio isuri batek 18.000 kilometro karratuko hondamendi ekologikoa eragin du Perun
2022-01-20  |  Leire Artola Arin

Kanpo Harremanetako Ministerioak ohartarazi du azken garaietan Liman izandako hondamenik “okerrena” dela. Besteak beste, babestutako bi naturagune eta 21 hondartza kaltetu ditu; erantzuleak zigortzeko eskatu dute hainbat eragile eta instituziok. Urtarrilaren 15ean hasi zen petrolio gordinaren jarioa, Tongan sumendi bat lehertu ostean.

Petrolio isuria Limako kostako itsasora eta hondartzetara heldu da. / Argazkia: Reuters.

Anibal Torres Peruko Justizia eta Giza Eskubideen ministroak ekozidiotzat jo du La Pampillako petrolio findegian izandako isuria, plazaraturiko txio batean. Repsolen fabrikak Ozeano Pazifikoko 18.000 kilometro karratu kutsatu ditu, petrolio gordinaren jario baten eraginez. Urtarrilaren 15ean hasi zen isuria, Tongako sumendiaren leherketak sortutako tsunamiaren ondorioz. Olatuak La Pampillako findegiraino heldu ziren, petrolioa husten ari zirela. Enpresak gobernuari bota dio errua, tsunami abisurik ez emateagatik.

Repsolek hasiera batean jakinarazi zuen “zazpi bat galoiko isuria” izan zela –30 bat litro–. Ordea, irudiek beltzez estalitako itsaso, animali eta hondartzak erakusten dituzte, eta lehen datuek diote dimentsio askoz handiagoa hartu duela hondamendiak.

“Azken aldian Liman izandako hondamendi ekologikorik okerrena” dela ohartarazi du Kanpo Harremanetarako ministerioak: gutxienez babestutako bi natur-eremuri eragin die, bertako fauna eta flora kaltetuz. Ehunka arrantzaleri “kalte larriak” eragin dizkiela ziurtatu du ministerioak. Gainera, Digesa ingurumen-osasuneko zuzendaritza orokorrak 21 hondartza “ez osasungarri” gisa izendatu ditu, petrolioa dela-eta. Repsoli eskatu diote garbiketan lan handiagoa egiteko “berehala”.

Ikerketa ireki dute

Fiskaltzak ekozidioa argitzeko ikerketa abiatu du urtarrilaren 17an, La Pampillako petrolio findegiaren aurkakoa. Hondamendiaren erantzuleak aurkitzeko eskatu dute hainbat eragilek eta instituzio nagusik. Justizia eta Giza Eskubideen ministro Torresek gogorarazi du ekologia-hondamenak zigorrak dituela: “Ezin du zigortu gabe geratu Repsolen jabetzako den La Pampilla findegiak sortutako ekozidioak. Erantzukizun administratiboa (isunak), zibila (kalte-ordainak) eta penala dauka”.

Garbiketa lanetan ari dira, eta polietilenozko mahuka batzuen bidez xurgatzen dute isuritako petrolioa. Halere, ez dute erraza izango ingurumena erabat lehengoratzea, besteak beste, bertako fauna eta flora gogorki kaltetua dutelako.