Bizi-baratzea

Prekarietatea

Repsoleko gasolindegi baten aurkako ekintza egin dute Villabonan “bizitzaren garestitzea” salatzeko
2022-09-03  |  ARGIA

ARGIAri esklusiban helarazi diote bideoa eta komunikatua herritar anonimo batzuek, ekintza azaltzeko: gasolindegiaren aurka egin dute salatzeko "euskal langilegoarentzat egoera jasanezina" bilakatu dela, eta bitartean "kapitalak, etengabeko aitzakietan babestuta, poltsikoak betetzen" segitzen duela. Nabarmendu dute "herritarren kontzientziak astintzeko" ekintza zuzenak behar direla, eta "burujabetza eratu" behar dela "kapitalari aurre egiteko".

Villabonako (Gipuzkoa) Repsol gasolindegiaren aurkako ekintza zuzena egin zuten irailaren 1 gaualdean herritar anonimo batzuek, eta ARGIAri helarazitako bideo honetan ikus daitekeenez, gasolina ibilgailuari botatzeko hodiak moztu zituzten, besteak beste. Ohar batean azaldu dute “bizitzaren garestitzeak” eta “prekaritatearen areagotzeak” eragindako “egoera jasanezina” salatzeko burutu dutela ekintza.

“Kapitala” jo dute “euskal langilegoaren egoera jasanezin” horren erantzule: “Kapitalak, etengabeko aitzakietan babestuta, haren poltsikoak betetzen ditu gure miseria handitzen doan bitartean”. Ez da kasualitatea izan ekintza Repsolen gasolindegi baten aurka egin izana; hain zuzen, ohartarazi dute “krisi testuinguru honetan” Repsol enpresak “hirukoiztu” egin dituela mozkinak. Iberdrola eta Telefonica ere irabaziak areagotzen ari direla gogorarazi dute, besteren artean. “Kapitalaren aberastu nahiak ez du mugarik”, kritikatu dute.

Burujabetza eratzeko deia

“Ekintza zuzenak behar ditugu herritarren kontzientziak astindu eta kapitalari aurre egiteko”, adierazi dute oharrean. “Bizitza duinen aldeko borrokan” berresten direla aldarrikatu dute, eta ez dutela onartuko egungo “erosotasun faltsua”. Horretarako “dependentzia baztertu eta burujabetza eratu” beharra azpimarratu dute: “Ezinbestekoa da miseriara kondenatzen gaituztenak seinalatu eta horiei aurre egiteko antolatzea”.