Bizi-baratzea

Piztuta eta bizi jarraitzen du Zarrakazteluko suteak
2022-07-26  |  Maddi Viana Zubimendi

Goiz honetan, oraindik ez dute sutea kontrolpean. Larrialdietarako babes zibileko planaren 2. alerta maila ezarri du Nafarroako Gobernuak eta sare sozialetan gogorarazi du asteartean sute arriskua “muturrekoa” izaten jarraitzen duela.

Zarrakazteluko sutea. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak, @bomberos_na Twitterren.

Uztailaren 25ean piztu da sutea Zarrakaztelun, Nafarroan. Labore lur batzuen alboan piztu da sutea eta pinudi batera hedatu da. Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzua Twitterren ari da sutearen nondik norakoen berri ematen.

Larrialdietako Zerbitzuak adierazi duenez, gauean zehar suhiltzaileek egindako lanei eta baldintza meteorologiko mesedegarriari esker suteak hartu duen lur-eremua ez da gehiegi handitu. Hala ere, astearte goiz honetan oraindik ez dute sutea kontrolpean, nahiz eta astelehen arratsaldean kontrakoa adierazi zuten.

Zarrakaztelu inguruan nekazariak ibili dira eremua ureztatzen haien traktoreekin, sutea hedatu ez dadin.

Luzerako dator beroa

Hilabete luze daramate Nafarroan hainbat suteri aurre egiten. Beroak bere horretan jarraitzen du eta suteak pizteko arriskua ez da amaitu.

Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi zuen, bero-egoera honek gutxienez 40 urtez iraungo du eta planetak berotzen jarraituko du, aldaketa klimatikoa gelditzea lortu ala ez. Sute benetan suntsitzaileak ikusten ari gara eta datozen urteetan halako gehiagorako prestatu behar dugula dio Scientific Reports aldizkariko azterketa batek.