Bizi-baratzea

Energiaren sektorea  >  Petrolioa

Petrolio eta gas ekoizle nagusiek 100.000 milioi dolar irabazi dute 2022ko lehen hiruhilekoan
2022-07-26  |  ARGIA

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren argudiopean igotako prezioek eraginda, petrolio eta gas ekoizle nagusiek etekina atera diote egoerari eta milaka milioiko irabaziak izaten ari dira. Klima larrialdiaren testuinguruan, irabaziak iraingarritzat jo dituzte aktibistek eta gobernuek esku hartu ez izana salatu dute.

Argazkia: Pixabay

The Guardianek pasa den maiatzean emandako datuen arabera, Shell petrolio konpainiak adibidez 9.100 milioi dolar irabazi zituen lehen hiruhilekoan, 2021eko tarte berean baino kasik hiru aldiz gehiago. Exoon konpainiak 8.800 milioi dolarreko etekina izan zuen. Guztira, 100.000 milioi dolar ingurukoa da munduko 28 petrolio eta gas konpainia nagusik izandako irabazia.

Etekina kritikatu dute aktibista klimatikoek, enpresa hauen diru-gosea izugarria dela salatuz: “Inflazioak eta Ukrainako gerrak prezioak igotzea ahalbidetu dietela harro esaten entzun ditugu konpainia hauetako mandatariak”, dio Lori Lodes Climate Power-eko buruak. Egoera ez zela hau izango ere gaineratu du, gobernuek krisi klimatikoari behar bezala aurre egiteko neurriak hartuko balituzte.

"Erradikal arriskutsuak"

Izan ere, zientzialariak esan eta esan ari dira erregai fosilak lehenbailehen mugatu behar direla, klima larrialdiaren ondorioei aurre egin nahi bazaie. Horren ordez, negozio ekonomiko biribila dira erregai fosilak, datuek erakusten dutenez. Energiaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazia du: petrolio, gas edo ikatz eremu berririk ezin da egon, 2050erako zero isuri helburura iritsi nahi badugu. “Erregai fosilen azpiegitura berrietan inbertitzea erokeria moral eta ekonomikoa da; batzuetan aktibista klimatikoak irudikatzen dituzte erradikal arriskutsuak bailiran, baina erradikal benetan arriskutsuak dira erregai fosilen ekoizpena handitzen ari diren herrialdeak”, adierazi zuen duela hilabete batzuk Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak.