Bizi-baratzea

Patxulia alde, alde!
2021-11-18  |  Jakoba Errekondo

Patxuliaren (Pogostemon cablin) usaina ez dut gustuko. Usain astuna, sarkorra, garratza, lurtsua eta egurtsua du, lehorra, kea gogorarazten du, baita kanforra (Cinnamomum camphora), ziropa, basopea, likoreak eta botikak ere; zenbaitentzat lizun urrina ere badu. Jasminak (Jasminum fruticans) eta almizkleak bezala lizunkerietarako joera pizten duela diote lurringileek, erotikoa eta mendetasun-sortzailea omen dela. Ba ni bete egiten nau, eta ez dit ezer pizten, beno bai, hurbil samarretik aditzen badut, goragale punttua. Alde, alde! Ospa! Eskerrak inguruan ez dudan lurrin hori erabiltzen duen lagunik. Antigualeko jendeak erabiltzen du, “hippyek” nioen lehengo batean; eta manifestazioetan egiten dut topo niretzat ia kiratsa den horrekin. Ez dut aditzen beste jende pilaketetan, ez tanatorioetan, ez idi-probetan, ez sagardotegietan, ez kontzertuetan, ez azoketan... Manifetarako jantzi berezia da, nonbait, patxuli lurrina; agi danean paparra berarekin bustita harroago oihukatuko dira “presoak etxera” edo “errausketarik ez” edo “osasuna, askatasuna” edo...

Asia hego-ekialdeko landarea da patxulia. Izena hizkuntza tamiletik datorkio, eta hosto berdea esan nahi du. Hostoak eta txortenak destilatu eta barriketan finduz sortzen den esentzia-olioa da bere etekin nagusia. Gaur egun munduko lurralde tropikal gehienetan ekoizten bada ere, Indonesia da ekoizle nagusia, munduan erabiltzen den patxuli olioaren %90 egiten du: gutxi-gehiago 1.600 tona. Pogostemon generoko beste espezie batzuk ere erabiltzen dira oliogintza oparo horretan, P. heyneanus eta P. Plectranthoides adibidez.

Patxuliak erabilera ugari du. Sukaldean hosto berdeak eta lehorrak eta olioa bera; intsektuak uxatzeko... baina erabilera ezagunena da intsentsu usaintsuetako eta lurrinetako osagai bezala. Intsektizida izateak eman dio lurrin bezala ezagunagoa izatearen sona. Itxuraz, aspaldiko garaietan ekialde urrunetik Europa aldera ekarritako zetak, kaxmirrak eta bestelako oihalak sits eta beldarrengandik babesteko patxuli olioz lurrintzen ziren. Gero oihal horiek bezain luxuzkotzat hartzen hasi zen usain berezi hori.

Patxuli landarearen olio esentzialak, usain bizia duten antzekoek bezala, hainbat funtzio onuragarri ditu: usainaren bidez, landareak intsektu parasitoetatik babes ditzake, baita onddo edota bakterioek ekarritako infekzio eta gaixotasunetatik ere; animalia belarjaleak ere uxa ditzake. Bestalde, olioak ugalketa erraztu dezake, patxuli usainak polena garraiatzeko ardura duten intsektuak erakartzen baititu. Gainera, euriak olioaren usaina airean eta lurrean hedatzen du, eta eraman ezin diren landareak inguruan ezartzea eragozten du.

Patxuliak batzuk erakarri eta beste batzuk, ni tarteko, uxatu. Alde, alde!