Bizi-baratzea

Itsasoa

Pasaiako badiako uretako hondakinik gehienak mikroplastikoak dira
2022-09-26  |  ARGIA

Ekologiarekiko sentsibilizazio eta heziketa lanak egiten dituen Mater ontziak Seabin Pasaia bidoia jarri zuen duela bi urte Pasaiako badian, ur gainazala iragazteko eta bertatik hondakinak biltzeko. Bataz beste egunean 1,45 kilo jaso ditu, orain artean 300 kilo guztira. Baina euskal kostaldean bakarra den zakarrontzi honen helburua laginketa da: 180.000 hondakin baino gehiago aztertu ditu banan bana. Ba al dakizu zein diren gure uretan nagusi diren hondakinak? Eta eguneroko bizitzako zein axolagabekeriak bukatzen duen itsasoan, eta hortik kate trofikoan?

Abuztuan egindako laginketatik ateratako emaitzak.

Bi urte hauetan bilketa-poltsa gehien bete dutenak 5 mm-tik beherako plastikozko piezak izan dira: 150.000 mikroplastiko baino gehiago jaso ditu guztira. Plastiko txiki hauek eragiten duten kalteaz ohartarazi du Seabin Pasaia zakarrontzia kudeatzen duen Mater ontziko lantaldeak: "Tamaina, nonahikotasun eta iraunkortasun txikia dutenez, kate trofikoan sartzen dira, eta gizakiak irentsi egiten ditu".

Gehien bildu duten bigarren hondakin mota, 0,5 eta 50 zm arteko plastikozko zati identifikaezinak dira, eta, ondoren, tabakoarekin lotutako hondakinak. Mater lantaldeak ohartarazi du asko direla uretan amaitzen duten tabako paketeen plastikozko bilgarriak eta zigarrokinak: erabiltzaileak axolagabekeriaz lurrera botatzen ditu eta haizearen edo ibaien bidez itsasoan bukatzen dute.

Belarrietako zotzak ere nabarmendu ditu hondakinen artean Mater lantaldeak, "ziur aski badiako saneamendu-sare ez-eraginkorrarengatik" uretan bukatzen dutenak. Baita plastikozko azukre poltsak ere, "terrazetatik hain erraz hegan irteten direnak".

 

 

 

Seabin Pasaia bidoiak gainazaleko hondakinak biltzen ditu.