Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Oztibarreko 130 familia hurbileko eta sasoiko produktu jasangarriz hornitzen
2022-04-01  |  Garazi Zabaleta

Epizeria parte-hartzaile bezala definitzen dute Oztibarreko Sabaia bultzatzaileek, baina praktikan, ohiko epizeria edo denda izatetik urrun dago Larzabalgo gunea. “Guk ez dugu inolako irabazirik ateratzen bertatik, eta langilerik ere ez dugu. Kolektiboan egiten ditugun erosketak edukitzeko eta banatzeko gunea da, azkenean”, azaldu du Ainize Madariaga Muthular proiektuko kideak. Duela hamar bat urte Ikastolako zenbait guraso eta adiskide hurbileko baserrietako produktuak eskuratzen eta haien artean banaketak egiten hasi ziren, modu natural eta informalean. Urte batzuk geroago, antzeko egitasmoaren ideiarekin bueltaka zebilen Evelyne Mainhaguietekin elkartu eta proiektua egonkortu zuten. 2018a zen, eta Oztibarreko Sabaia jaioa zen.

“Baserri inguru honetan mozkin oso sanoz inguratuak geundela baina horiek eskuratzeko askotan supermerkatuetara jotzen genuela ikusten genuen, eta emeki-emeki, ekoizleekin zuzeneko harremanetan hasi ginen”, dio Madariagak. Hurbileko ekoizleen produktuez gain, urrunagoko zenbait ere eskuratzen zituzten: dilistak eta lekaleak Nafarroatik, zitrikoak Herrialde Katalanetatik… eta banaketa etxeetara zuzenean edo Herriko Etxeak utzitako lokaletan egiten zuten. “Proiektua sendotzen ari zen, baina iritsi zen lokal baten beharra sentitu genuen momentua”. 2018an eman zuten pauso kualitatibo garrantzitsu hori, Larzabalgo lokal bat alokatuz.

“Produktuak bertan uzteko aukera zabaldu zen orduan, eta jendeak etxera eramateko eskatutakoaz gain, gehiago ere ekarri genezakeen, stock txiki bat bertan izateko”, dio kideak. 130 familia epizeria parte-hartzaileko bazkide dira honezkero; kopuru ederra, Oztibarre bezalako eskualde txiki batentzat. Banaketak ostegunetan egiten dituzte –astean behin barazki eta jaki freskoena eta hamabostero banaketa ‘potoloa’, bestelako produktuena–, eta larunbatetan, berriz, txanda bidez gunea ireki eta bazkideek falta dituzten produktuak bertatik eskura ditzakete.

Kontsumitzaileen eta ekoizleen elkartea

Hasierako urteetan kontsumitzaile elkarte moduan funtzionatzen bazuten ere, azken urteotan ekoizleak batu dira elkartera. “Haien produktuak proposatzen ditugu hemen, eta haiek ere ez datoz printzipio komertzial huts batekin”, azaldu du. Hurbiltasun hori dela eta, produktuak filosofia jakin batekin ekoitziak direla bermatzen dute proiektuko kideek: hurbilekoak eta sasoikoak izateaz gain, ekologikoari ere garrantzia ematen diote, zigilutik harago. “Ez gara frantses burokrazia estu horretan sartzen, gehiago da konfiantzazko giroa egitea, eta jakitea kalitatezko mozkinak ekartzen dituztela, gure filosofiarekin bat eginez”, gehitu du.

Eskaintzaz gain, bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte elkartetik, tailerrak, ikastaroak, eta azokak, adibidez. Orain, epe ertainera begirako erronkaren bat ere badute esku artean: eskualdeko ekoizle bakoitza kostaldera banaketa egitera bere aldetik joan beharrean, hozkailudun garraio bat eskuratzeko asmoa dute, banaketa kolektiboki egiteko.


Zurea bidali