Bizi-baratzea

Oporraldiko landare sorta
2021-01-08  |  Jakoba Errekondo

Konpota. Argazkia: Gastronomiako Euskal Eskola.

Estropozo handirik gabe joan dira sasoi berriaren hasiera egun hauek, egun-argia luzatzen hasi dela ospatzeko egunak. Sasoi berria argi orduak hazten hasi zirenean abiatu genuen, solstizioarekin, egutegiko abenduaren 21ean, alegia. Urte berriaren adigaia zera da, egutegiak eta ordulariak behar ditugunon neurrikoa, ez inolaz ere naturala. Lehengo eta oraingo haginteen girgilu eta bilur estutxoen neurrirako “jaiak”; erlijioen, kapitalaren eta abarren asmoen eta helburuen bideko diruhuste eta odoluste egunak.

Sasoi berriaren ospakizuna bakoitzarena eta bakarra da. Urrutira gabe, geurean bertan, zenbat era daude? Beti landareei lotuak, baina. Soinean janzten ditugunenak, okeletan jaten ditugunenak eta antzekoenak kenduta, bereziki jan-edanean eta apainduran landare saila baliatzen dugu.

Apainketan mihura (Viscum album), gorostia (Ilex aquifolium), basaerratza (Ruscus aculeatus), goroldioak, izei gorria (Picea abies), poinsetia (Euphorbia pulcherrima), oihaneko kaktusa (Schlumbergera x buckleyi) eta abar.

Jatenetan errege-opilaren garia (Triticum aestivum) eta konfitatutako udare (Pyrus communis) eta laranja (Citrus x sinensis), baita honen lorezko ura ere; gainontzeko ogietako artoa (Zea mays), espelta (Triticum spelta) eta zekalea (Secale cereale). Gosarietako oloa (Avena sativa), kiwia (Actinidia deliciosa), ahuakatea (Persea americana), banana (Musa x paradisiaca), marmeladako ahabia (Vaccinium myrtillus), mugurdia (Rubus idaeus), masusta (Rubus fruticosus) eta abar. Jan-aurreko gaztainak (Castanea sativa), lukainken piperrautsa (Capsicum annuum) eta olibak (Olea europaea). Otorduetako izoki ketuaren aldameneko kaparra (Capparis spinosa) eta aneta (Anethum graveolens), aza (Brassica oleracea var. capitata), baratxuria (Allium sativum), tipula (Allium cepa), porrua (Allium porrum), azenarioa (Daucus carota), azalorea (Brassica oleracea var. botrytis), zainzuria (Asparagus officinalis), kukulua (Lactuca sativa), endibia eta eskarola (Cichorium endivia), bakailaoaren perrexila (Petroselinum crispum) eta tomatea (Solanum lycopersicum), azpizunaren lagun pikillo piperra.

Azkenburu guztien azukrea (Sacharum officinarum), konpotako sagarra (Malus domestica), albertxikopasak (Prunus armeniaca), aranpasak (Prunus domestica) eta mahaspasak (Vitis vinifera), intxaursaltsako intxaurra (Juglans regia), arrozesnearen arroza (Oryza sativa), limoia (Citrus x limon) eta kanela (Cinnamomum verum), pikopasak (Ficus carica), txokolatea (Theobroma cacao), arbendola (Prunus dulcis), hurra (Corylus avellana), gaztaren lagun irasagar-gozokia (Cydonia oblonga) eta abar.

Otordu arteko eserialdien freskagarri mandarina (Citrus reticulata) eta anana (Ananas comosus).

Digestioari laguntzeko edarietan sagarra, mahatsa, garagarra (Hordeum vulgare), lupulua (Humulus lupulus), gintonikaren ipurua (Juniperus communis), vodkaren patata (Solanum tuberosum)... Amaitzeko, kafea (Coffea spp.), tea (Camellia sinensis) eta purua (Nicotiana tabacum) edo txirria (Cannabis spp.).

Bestondoan, larranbiloa (Matricaria chamomilla), eta ezta orduan ere ez gara oportzar horietako landare janaz gogoratuko.


Zurea bidali